Tren turistikoa martxan jarriko dute bihartik aurrera

Mireia Galarza eta Amaia Urbieta Arruti 2020ko uztailaren 15a

Zarauztarrek herrian zehar mugitzeko aukera zabalagoa izan dezaten, gaur aurkeztu dute zarauzko tren turistikoa Iker Basurko mugikortasun zinegotziak, Pedro Galdos BM supermerkatuko marketin buruak eta Gotzon Larrañaga Caritaseko kideak. Bihar jarriko dute martxan trena, eta abuztua amaitu arte gozatu ahal izango dute herritarrek jarduera berriaz.

Goizean aurkeztu dute bihartik aurrera martxan izango den tren turistikoa. Abuztuaren 31ra arte ibiliko da trena herriko kaleetan zehar, egunero, 10:30etik 14:30era eta 17:00etatik 20:00etara. Herrikobarra kaleko 23. zenbakitik abiatuko da trena, orduerdiro. Ondorengo ibilbidea egingo du aldiro: Herrikobarra , San Frantzisko, Nafarroa, Seitximeneta, Gipuzkoa, Kasino, Lapurdi, Kortazar, Gipuzkoa, N-634ko biribilgunea, Nafarroa, Elizaurre, San Inazio, Bizkaia, Foruen kalea eta atzera Herrikobarra kalea. 74 pertsona sartzen dira gehienez ere trenean, eta maskara jantzita erabili beharko da.

Bidaia bakoitzak euro bat balioko du, eta bildutako dirua Caritas elkartearentzat izango da. Gotzon Larrañaga elkarteko ordezkariak asko eskertu du beraiei laguntzeko egindako ahalegina. Azaldu du azken hilabeteetan, krisialdia dela eta, hirukoiztu egin dela Caritasera laguntza eske jo duten pertsona kopurua. Udalari eskerrak emateaz gain, jakitera eman du hainbat zarauztarrek ere elkartea diruz laguntzeko borondatea izan dutela, eta haiei ere esker ona adierazi nahi izan die.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide