«Barrez eta zoriontsu egon arren, gaizki pasatu dut»

Iñigo Lasa-Berria 2020ko uztailaren 15a

Goi mailako futbolean 11 denboraldi pasatu eta gero, erretiroa hartu du Agouesek. Lesioek behartuta, futbola nahi baino bizpahiru urte lehenago utzi behar izan du.

Oso gaztea zela hasi zen Marina Agoues (Zarautz, Gipuzkoa, 1992) futbolean jokatzen. 16 urterekin, emakumezkoen lehen mailan lehiatzen zebilen Realarekin. Talde txuri-urdinean ia bost sasoi osatu ostean, bizipen berriak izan ditu azken urteetan Italian, Espainian, Oiartzunen eta Eibarren.

Azken bi urteak belauneko lesio larri batetik osatzen aritu zara. Borrokatzeaz nekatu zara?

Nekatu ez. Azken finean, azkeneko bi urteak futboletik kanpo pasatu ditut, ni bakarrik entrenatzen, belaunaren gorabeherak. Izan ditudan lau ebakuntzak oso gogorrak izan dira. Naizen bezalakoa ikusita, beti zoriontsu eta barrez, ez dirudi, baina oso gaizki pasatu dut. Sei-zazpi hilabete igaro, eta futbolean jokatzea espero nuen, baina hirugarren hilabetean herrenka nenbilen, hilabete eta erdira morfinarekin jarraitzen nuen... Gero, gainera, hutsetik hasi beharra nuela esan zidaten.

Noiz hartu zenuen erretiroa hartzeko erabakia?

Orain dela egun batzuetako gauza izan da. Ekainean kontratua amaitu zitzaidan Eibarrekin, eta medikuarekin aritu nintzen hitz egiten ea segitu ala ez. Jakinarazi nuen egunean erabaki nuen.

Nori esan zenion lehenbizi zure erabakia?

Familiakoei esan nien. Haiek nire ondoan egon dira beti, zenbat sufritu dudan ikusi dute, eta ez ziren harritu nire erabakiaz. Nirekin jokatu duten Maialen Zelaiari eta Ainara Manterolari ere esan nien.

11 denboraldi eman dituzu goi mailan lehiatzen. Gustura izan duzun ibilbidearekin?

Oso harro. Denetarik bizi izan dut nire ibilbidean: nahiz eta zelaitik kanpo egon, Eibarren igoera; Oiartzunen jaitsiera; Realarekin Espainiako Kopako finalerdiak jokatu nituen... Bizipen asko izan ditut, jende asko ezagutu dut, talde umiletan ibili naiz...

Realera iritsi zinenean, ez zen oso talde indartsua, eta zuek ezagutaraztea lortu zenuten. Zaila izan al zen hori?

Gaur egungo taldeekin ez zuen zerikusirik talde hark. Aurrekoan, Aintzanerekin [Encinas] eta Maialenekin [Zelaia] hitz egiten gogoratu ginen autobusean hamabi ordu pasatzen genituen bidaia haietaz, eta gero, joan eta 12-0 galtzen genuen Bartzelonaren aurka. Aurreko urtean, esaterako, Espainiako Kopa irabazi zutenean, gu Granadara joan ginen, eta hunkituta bukatu genuen. Kopa hori geurea ere bazela esan ziguten, urtetan egindako lanarengatik.

Zeintzuk izan dira gehien irakatsi dizuten taldekideak?

Maite Lizasok pila bat lagundu dit, baita Larraitz Lucasek eta Gurutze Del Amak ere. Maialenen oso laguna naiz, Aintzanerena... Irene Paredes berak asko irakatsi dit, nahiz eta defentsa izan, gaur egun nire lagunik hoberena da.

Kanpoko bi taldeetan ere aritu zara futbolean: Riviera di Romagnan eta Santa Teresan. Nolakoa da emakumezkoen futbola etxetik kanpo?

Italiara joan nintzenean sekulako gogoa neukan han jokatzeko. Aldaketa bat behar nuela sentitu nuen, eta hara joan nintzen. Italian zegoen egoera ikusita, [baldintza aldetik] etxean zein ondo gauden konturatu nintzen, sekulako zortea daukagu hemen. Orduan oso gaizki zegoen futbola han. Nire taldekideek esaten zidaten: «Marina, gu hara joateko desiratzen, eta zu hona zatoz».

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen, Berriaren atarian.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide