Errotaberriko Hitzarmen Batzordeak KSB Itur enpresatik Frantzeskua zubira bidean dauden hiru pabilioi zaharren eraisketa esleitu du, industrialdea urbanizatzen jarraitzeko. Pabilioi horietako bat Zarauzko underground-aren gune garrantzitsuena bihurtu zen 90eko hamarkadaren erdialdean, Braun aretoari esker.
«Surf giroko kuadrilla batek lokal bat lortu genuen. Nire lantegian metro bider metro erdiko parrilla bat egin nuen, eta bertan prestatzen genituen afari guztiak. Han elkartzen ginen, eta festa potoloetan kañeroa ere alokatzen genuen», kontatu du Fernando Trebiño King Konsul abeslariak, Mikel Makala disko jartzailearekin makina bat oroitzapen partekatuz.
Makalak dio egungo lagun taldeen lokalen antzekoa zela Braun aretoa, baina belaunaldi hartan kokatua eta beste ikuspegi batekin: «Ikuspegi zabal batekin». Izan ere, goizaldera, Txanela ixten zutenean, jende guztia Braunera joaten zela azaldu dute, eta «sekulako desfasea» izaten zela bertan.
Lokalak hasieran izenik ez zuen. «Kolore ezberdinetako pintura potoak zeuden bertan bueltaka. Kolore zuriko pote handi bat erosi genuen, pintura guztiak nahastu genituen eta kolorante marroia bota genion. Kolore marroi horrekin margotu genuen gunea, eta horregatik jarri genion lokalari izen hori», argitu du Konsulek. Izan ere, ingelesez brown kolore marroia da.
Eztabaida izan zuten Brown eta Braun izenen artean. Makalak adierazi duenez, batzuek ingelesezko izena erabiltzen zuten –Brown–, eta berak alemanezko forma –Braun– proposatu zuen, «politagoa» iruditzen zitzaiolako. «Etxetresna elektrikoen marka bezala», diote bi lagunek barre artean. Izenarekin batera, lokalak areto izaera hartu zuen, eta underground giroa.
Interes eta jakin-min musikalaren haritik, lokalak bigarren fase batera egin zuen jauzi, Fernando eta Iker Trebiño anaiek eta Makalak bultzatuta: askoz ere sortzaileagoa izan zen fase hura. Bakoitzak zituen kontaktuei tiraka, hainbat kontzertu antolatu zituzten 1995. eta 1997. urteen artean. «Menturazko eboluzio bat izan zuen aretoak. Espontaneoki sortu zen guztia; gogo handia zegoen. Oso aberasgarria izan zen, gainera; izan ere, era guztietako pertsonak elkartu ginen han», nabarmendu du Makalak.
Hori guztia, gainera, Do It Yourself (Egizu Zuk Zeuk) filosofiarekin egin zuten; nolabait ere, 1999an etorriko zen Manuela gaztetxearen atarikoa izan zen. Konsulen esanetan, «gaztetxe baten antzera» funtzionatzen zuten. «Sarrerako diru guztia musikarientzako izaten zen, eta guk edaria eta jatekoa ematen genizkien. Ez geneukan inolako pretentsiorik, ez eta irabaz asmorik ere».
Agertoki bat sortu zuten, eta, horretarako, fabrikaz fabrika ibili ziren paleak jasotzen. «36 pale ziren, hau da, 4x3x3. Sekulako oholtza egin genuen!». Lehenengo kontzertuetan herriko jendeak parte hartu zuen: Arakajun, Iluna Beltz, Iteube, Folkcore, IT, baita anfitroiek ere. Izan ere, Noise AM Behin hardcore taldean jotzen zuten sasoi hartan Konsulek eta Makalak. Lehenak abestu egiten zuen, eta bigarrenak baxua jo; beste taldekideak Oscar Pajares gitarrista eta Aitzol Cajaraville bateria jotzailea ziren. «Azkenean, lortu genuen 90eko hamarkadaren erdialdeko Zarauzko musikagintzaren argazki polit bat egitea». Horiez gain, beste hainbat talde igaro ziren areto marroitik: Hot Dogs, Nuevo Catecismo Catolico, EH Sukarra... Gero, disko jartzaileentzako habia bat ere sortu zuten: DJ Zule (Xabier Montoia), DJ Prest (Eneko Abrego) eta Okelaktiv (Makala eta DJ Oker, Iker Trebiño) bezalako jendea aritu baitzen pintxatzen.
Autoak Iturreraino
Nazioarteko gonbidaturik ere iritsi zen Errotaberrira. «Unai Radiation laguna genuen, eta garaiko indie musikaren sustatzaile bat zen. AEBetako Thalia Zedeken Come taldeak aretoan jotzea proposatu zigun hark; orain Anarirekin atera du diskoa abeslariak. Taldeak Bartzelonan, Madrilen eta gure lokalean jo zuen, eta Radio3 irrati katean ere iragarri zuten kontzertua. Ekarri genuen talderik handiena izan zen, zalantzarik gabe», azaldu dute. Autoak Iturreraino zeudela gogoratzen dute bi lagunek. Beste hitzordu gogoangarri bat Icex Askatu! grafitigile donostiarraren aldeko elkartasun festa izan zen.
«Horrenbeste jende bildu genuen, ezen beldurra eta dena eman baitzigun».
Kontzertuek bi urtez iraun zuten Braun aretoan. Izan ere, emanaldi baten hasieran udaltzainek hesitu egin zuten lokala, eta bertan ezingo zutela emanaldi gehiago antolatu esan zieten arduradunei, herriko ostalari batzuek salaketa jarri zietelako. Harrezkero, kuadrillako lokal izatera itzuli zen Braun. Baina Makala eta Konsulengan betirako ernaldu zuen musikarekiko grina.
