Ekainaren amaieran abiatu zen normaltasun berria, eta egunak aurrera joan ahala, COVID-19 kasu berriak agertzen ari dira han hemenka eskualdean. Hala, Getariako alkate Haritz Alberdik azaldu duenez, guztira, lau dira azken egunetan Getarian atzeman dituzten koronabirus kasu berriak.
Kasu horiek Getariako Kale Nagusiko Politena tabernarekin lotura izan dezaketelakoan, uztailaren 9tik 12ra bitartean taberna horretan egon diren guztiekin jarri nahi du harremanetan Zaintza eta Kontrol Sareak. Getariako Udalak pertsona horiei eskatu die norbere herriko osasun zentroarekin harremanetan jartzeko, baldin eta Urola Kostakoak badira. PCR proba egiteko aurretiko hitzordua emango diete.
Getariako Sahatsaga kaleko udal kiroldegiaren barrualdean ezarriko duten karpan egingo dituzte proba horiek guztiak, bihar, 9:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 17:00etara. Politena tabernan egon diren Urola Kostatik kanpoko pertsonek Osasun Aholkuaren telefonora deitzeko eskatu dute (900- 20 30 50).