Tivoli taberna itxi dute, langile baten familian "koronabirus kasu positiboren bat" izan delako

Amaia Urbieta Arruti 2020ko uzt. 14a, 15:04

Ordu gutxian zurrumurru ugari zabaldu da sare sozialetan, baina tabernak argi utzi du "prebentzioz" itxi dutela establezimendua.

Sare sozialen bidez tabernak berak zabaldu duenez, "prebentzioz" itxi dute Tivoli taberna, langileetako baten familian "koronabirus kasu positiboren bat" topatu dutelako. Jakitera eman dutenez, gaur ari dira PCR proba egiten langilearen familiakoei, une honetan gaixorik dauden edo ez jakiteko. Tivoliko langileari ere egingo diote proba, eta bihar izango dute emaitzaren berri; orduan hartuko dituzte hartu beharreko neurriak.

Aholkulariek esan diete egun hauetan "arazorik gabe" zabaltzeko aukera izango luketela izatez, ez baita baieztatu bertako langileetako inork COVID-19a duenik. Hala ere, ixtea erabaki dute, taberna espazio guztiz segurua dela bermatuta izan arte.

Informazio berririk edukiz gero beren sare sozialen bitartez jakinaraziko dutela azaldu dute, izan ere, ordu gutxian bolo-bolo zabaldu dira gaiaren inguruko zurrumurru faltsuak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide