'Mendia femeninoan' erakusketa ikusgai da gaurtik aurrera Photomuseumen

Amaia Urbieta Arruti 2020ko uztailaren 14a

Nuria Planell eskalatzailearen erretratua, Photomuseumeko erakusketan. (Utzitakoa)

Mendia pasio bihurtu duten emakumeei omenaldia egin nahi izan die argazkilari gasteiztarrak. Abuztuaren 23ra arte egongo dira ikusgai erretratuak.

Jon Martinez Ibarra argazkilariaren obra egongo dira ikusgai gaurtik aurrera Photomuseumen. Mendian eta haren inguruko jardueretan aritzen diren 40 emakumeri erretratuak atera dizkie Martinez Ibarrak, eta horietako hamasei daude ikusgai Mendia femeninoan erakusketan. Argazkilariari gasteiztarrari aitortzen dioten merituetako bat da pertsonak "diren bezalakoak" erakustea. Horrela deskribatu du Josu Zaldibar argazkilariak Martinezen obra: "Beren helburuak lortu dituzten emakumeen ametsak daude jasota argazkietan. Emakume horien begiradetan erakutsitako bizi energia mendia maite duten milaka lagunek partekatzen dute; izan ere, bizimodu bilakatu dute mendia, eta aisia pasio".

Gaur 10:00etan zabaldu dute erakusketa, eta abuztuaren 23ra arte egongo da ikusgai bertan, asteartetik igandera, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Asteazken eta ostiraletan doakoa izango da sarrera, eta gainontzeko egunetan 6 euro balioko du sarrera normalak, eta 3 euro murriztuak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide