Ireki dituzte hauteslekuak, babes neurri zorrotzekin

Zarauzko hitza 2020ko uzt. 12a, 11:20

Koronabirusak eragindako egoerarengatik, ezohiko babes eta segurtasun neurriak hartzen ari dira hauteslekuetan.

Gaur egingo diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak bereziak izango dira, Koronabirusak eragindako egoerarengatik, ezohiko babes eta segurtasun neurriak hartzen ari baitira. Botoa emateko orduan maskara erabiltzea, tartea zaintzea eta eskuak garbitzea izango dira betebeharreko neurri nagusiak. Gainera, Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak aholkatu du botoa etxetik prestatuta eramatea.

Herritarrek boza emateko aukera izango dute iluntzeko 20:00ak arte, Eusko Legebiltzarrerako ordezkariak aukeratzeko. Hautesle-erroldaren arabera, 18.174 lagun daude deituta botoa ematera Zarautzen, eta Euskal Autonomia Erkidegoan, guztira, 1.718.323 herritarrek izango dute boto eskubidea.

Gaurkoan, Gipuzkoan hamalau hautagai zerrenda aurkeztu dituzte igandeko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako: EAJ, EH Bildu, PP-Ciudadanos, PSE-EE, Elkarrekin Podemos-IU, Pacma, Recortes Cero-Grupo Verde, Bidezko Mundurantz, Euskadiren Aldeko Libreak, Equo Berdeak, Aulki Zuriak, Vox, UCDE eta Alderdi Libertarioa.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide