Udako kontzertua eskainiko du Zarautz Abesbatzak hilaren 18an

Amaia Urbieta Arruti 2020ko uztailaren 11

(Zarautz Abesbatza)

Abesbatzak kontzertua eskaini nahi die konfinamenduak iraun bitartean agurtzeko aukerarik gabe joan diren zarauztar guztiei.

Frantziskotarren elizan eskainiko du Zarautz Abesbatzak udako kontzertua. Urteroko hitzordua izan ohi da, baina, aurtengoa, gainontzeko kultura ekitaldi guztiak bezala, desberdina izango da. Jakinarazi dutenez, eliza produktu naturalekin desinfektatuko dute kontzertuaren aurretik, abeslariei eztarrian kalterik ez eragiteko.

21:30ean hasiko da emanaldia, eta zenbait kantutan Zarautz Txiki abesbatza gaztea izango dute lagun Zarautz Abesbatzakoek. Horrez gain, Joxe Iturria ariko da organoa jotzen, Antxon Sarasua teklatua, Itziar Mendizabal zeharkako flauta eta Jose Inazio Elias euskal txirula.

Abesbatzak kontzertua eskaini nahi die konfinamenduak iraun bitartean agurtzeko aukerarik gabe joan diren zarauztar guztiei, eta herritarrak gonbidatu ditu kontzertura "lasai" joatera, "elkarrekin une goxo bat pasatzeko".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide