Egonezina

Andoni EgaƱa-Berria 2020ko uzt. 10a, 16:01

Ondoko iritzi artikulua plazaratu du Andoni Egaña zarauztarrak 'Berria' egunkariko Hitz Etzanak atalean.

Birusak agerraldia egin zuenetik, paradoxek lehen baino lur gozoagoa aurkitu dute. "Egonezinak gerarazi nau" irakurri nion lehengoan artista bati. Ez zela bakarra pentsatu nuen. Inguruko askorekin hitz egin dut, eta ez gabiltza, oro har, sentipen horretatik urrun. Sortzeko unean "noizko?", "norentzat?", "zertarako?", "zer baldintzatan?"... argi edukitzea garrantzitsua da nonbait. Zalantzak egonezina sortzen dizu, eta ezinegon horrek paralizatzen zaitu.

Esango nuke sortzaile ez den edonorentzat ere aldatu egin direla ekintza-denbora neurriak. Batetik gutxiago egiteko bestetik gehiago behar da. Terraza batean esertzeko mahaia garbitu zain zaudenean; dendara sartzeko txandan jarri behar duzunean; kalean zoazela inoren gainera ez amiltzeko pausajea mantsotu behar duzunean... bestelako errealitate baten aurrean zaudela jabetuko zara. Txanpon beraren bi aurpegiak: ezinegona sentitzen duzulako geratzen zara, edo gerarazten zaituztelako ezinegona sentitzen duzu.

"Eguna luze eta urtea labur" gertatzen omen zaio edadetuari. "Eguna labur eta itxialdia luze" gertatu zitzaigun askori. Horrelaxe gabiltza. Nahas-mahasean. Jakin gabe "musika den denboraren edo denbora den musikaren sekretuaren jabe". Baina egia da. Geuk ikusi dugulako.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide