COVID-19 kutsatzeak saihesteko kontzientziazio kanpainaren barruan, Zarauzko Udaltzaingoak mila maskara banatu ditu jende asko dabilen hainbat lekutan: malekoian eta Alde Zaharreko kaleetan.
Iban San Martin Herri Segurtasuneko zinegotziaren esanetan, "COVID-19aren aurka erantzun ona eman ari dira zarauztarrak, baina azkenaldian kezkatuta gaude, gero eta jende gehiago erlaxatzen ari ez ote den. COVID-19a ez da desagertu eta arreta mantendu behar dugu denok ”.
Zinegotziak gogorarazi du uneoro pertsonen artean 1,5 metroko distantzia mantendu behar dela, eta hori ezinezkoa denean maskararen erabilera derrigorrezkoa dela. “Hondartzan gaudenean, uretan zein hondarretan, kaletik gabiltzanean edo aisia guneez gozatzen, gutxienez 1,5 metroko tartea gorde behar da elkarrekin bizi ez diren pertsonen artean. Berdin hondartzan, beste erabiltzaileekiko 1,5 metroko segurtasun-perimetroa bermatzeko moduan kokatu behar dira objektu pertsonalak".
Era berean, hondartzarako plana itsasbehera denean joatea gomendatu du, bizpahiru ordu gehienez, gainontzeko erabiltzaileei ere lekua uzteko. Baita uneoro hondartzako megafoniaz zabaldutako mezuak eta adierazpenak jarraitzeko ere.
Maskara malekoian
Gaur goizean udaltzain laguntzaileak aritu dira hainbat erabiltzaileri adierazten ordenantza berri bat jarri dela abian, eta aurrerantzean maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango dela malekoian. Zarauzko Udaltzaingoak ere berretsi dio HITZAri gaurtik hasita malekoian, biotopoan eta Zarautz-Getaria arteko paseoan maskara erabili behar dela, segurtasun distantziak ezin direlako bermatu. Udalak, aldiz, adierazi du 1,5 metroko distantzia bermatu ezean erabili behar dela musukoa.