Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainako ekitaldia egin du EH Bilduk gaur eguerdian Torre Luzeako parkean. Mertxe Aizpurua Espainiako Gorteetako parlamentariak eta Nerea Kortajarena legebiltzarkideak hartu dute hitza, hurrenez hurren, Zarauzko EH Bilduko kide Ion Arozenak gidatu duen saioan. COVID-19 gaitzak eragin duen salbuespen egoerak eskatutako segurtasun neurriak kontuan hartuta, dozenaka herritar bertaratu da koalizioaren ordezkarien proposamenak eta hitzak entzuteko.
"Aldaketa" baten beharra nabarmendu du Aizpuruak: "EH Bilduren indarra behar dugu Euskal Herria beste norabide batean jartzeko". Madrildik Euskal Herrira begira daudela etengabe adierazi du: "Hemengo ezkerra ezker subiranista da, konpromisoak hartu eta betetzen dituena. EH Bildu dagoen tokietan, instituzioetan, jendearen alde egiten du, eta herritarren bizi baldintzak hobetu egiten dira". Hori horrela, hauteskunde hauetan asko dagoela "jokoan" adierazi du. Izan ere, "faxismoa geldiarazi behar dugu, euskara defendatu behar dugu, presoak etxera ekarri behar ditugu, lan eta bizi baldintzak hobetu behar ditugu eta autodeterminazioan ere pausoak eman behar ditugu. Horretarako bozka eman behar dugu uztailaren 12an".
Kortajarenak hitza hartu aurretik, Ane Arrutik Joxe Ripiau taldearen Paradixu zinema abestia jo du. Koronabirusaren krisiaren erdian, hauteskunde kanpaina "berezia" izaten ari dela aitortu EH Bilduren hautagaitzaren kideak, eta horren haritik, ondorengoa azaldu du: "Ea noiz iristen den garaia gure bizitzak desmerkantilizatu eta zoriontasuna politizatzeko, eta uste dut horretan ari garela kanpaina honetan. Izan ere, pandemia honek berriro ere erakutsi digu bizipen pertsonalak oso politikoak direla, gure bizitzak zeharkatu dituztenak". Normaltasun berriaren aurrean "zaharrak berri" iritzi dio, gainera.
"Sinestarazi nahi digute beste egiteko modurik ez dagoela, baina guk ikusi dugu Getarian, Zumaian, Errenterian, Hernanin eta gure alkatetzak dauden herrietan oso era ezberdinean jokatu dela pandemia honetan. Komunitatearekin eskuz esku hartuta erantzunak eman ahal izan dira, eta erantzun horien erdian pertsonak jarri dira. Komunitatearen oinarria sendotzeko aukera izan dugu", azpimarratu du Kortajarenak.
Aizpuruak zein Kortajarenak kanpaina eta datozen hauteskundeak "oso garrantzitsuak" direla zehaztu dute, eta uztailaren 12an hautestontzietara joateko deia luzatu diete Torre Luzeako parkera joandakoei.