"Guztiok ulertu eta onartu behar dugu uda hau ezberdina izango dela"

Zarauzko Hitza 2020ko uztailaren 3a

Laugarren urtez jarraian hondartzan egiten du lan Ibai Goikoetxeak (Zarautz, 1999). Dena den, iaztik hona, hondarretatik malekoira egin du salto: hondartzako erabiltzaileen aforoa kontrolatzen duten sarrerazainetako bat da.

Unibertsitatean ikasten dihardu Goikoetxeak, eta beste gazte asko bezala, uda-sasoiko lanak egiten ditu sos batzuk irabazteko. Toldero gisa aritu da hiru urtez, baina aurten, toldoak jartzea ez denez baimendu, hondartzako erabiltzaileen aforoa kontrolatzen du. Arduradun nagusiez gain, hamabi mutil gaztek osatzen dute lantaldea. Horietako bat da Goikoetxea, eta uda denboraldia ofizialki hasi berri den honetan, orain arteko bi asteetan bizitakoak kontatu ditu.

Toldero aritzetik sarrerazain izatera pasatu zara. Zertan bereizi da zure lana?

Pertsonalki nahiago dut toldero bezala lan egin. Mugimenduko lana da eta taldean egiten da; orain, aldiz, bakarrik nago, geldirik eta botoi bati ematen. Lasaiagoa da hala ere, orokorrean esanda behintzat, baina aspergarriagoa nire iritziz.

Zazpi gunetan banatu da aurten hondartza. Nola antolatu zarete?

Hiru arduradun nagusiez gain, hamabi langile gaude. Arduradun horiek bi gunez arduratzen dira aste osoan, eta besteok gainontzeko bost postu hartzen ditugu gure gain. Bikotetan banatuta gaude hamabi langileok, eta bakoitzak gune baten ardura du; bikoteko batek goizez eta besteak arratsaldez egiten du lan. Malgutasuna ematen digu horrek gure artean moldatzeko. Bestalde, bikote bakoitzak astean egun bat jai izaten du, txandaka. Igandetan izan ezik; jende gehiago etorriko delakoan guztiok egiten dugu lan.

Hondartza denboraldia hastearekin batera ordutegia aldatu dugu, sorosleen eta erabiltzaileen zerbitzura egokituz. Lehen 10:00etatik 18:00etara zena, orduerdi atzeratu da: 10:30etik 18:30era.

Erabiltzaileek nola hartu dute aforoa kontrolatzeko sistema hau?

Nik pertsonalki ez dut arazorik izan inorrekin. Bronka txikiren bat bai, eskaileretatik jaitsi ordez aldapatik jaisteagatik. Azken finean, guretzat ez da txorakeria: segurtasuna mantentzeaz gain zenbaketa egitea errazten digu.

Lankide batzuk bai izan dituzte arazo handiagoak. Itsasgora denean aforoa murriztu behar da eta jende gehien etortzen den momentuetan ziurrenik bete egiten da hondartza; batez ere Munoa aldeko guneetan. Jendea sartu ezinda geratzen da horrelakoetan, eta pertsona bat edo beste haserretu izan da gutakoekin. Saiatzen gara istiluetan ez sartzen eta sistemarekin desados badaude esaten diegu arduradunengana, Udaltzaingora edota Udalera jotzeko, gu gure lana egiten ari garelako. Baino beno, azken finean guztiok ulertu eta onartu behar dugu uda hau ezberdina izango dela guztiontzat.

Uda denboraldia hasi da ofizialki; nabaritu da?

Ez agian denboraldia hasi delako, baina San Juanetatik aurrera jende gehiago etortzen hasi da. Ekainaren 15ean hasi ginen lanean, eta eguraldi txarra medio ez zen jende askorik ibili. Orain igartzen da, aste tartean batez ere: jendeak oporrak hartu ditu, ikasleek amaitu dute ikasturtea... Lehen asteburutan ikusten zen jendea, baina orain aste osoan zehar gero eta gehiago. Gainera, herrikoez eta ingurukoez gain, Nafarroatik eta Errioxatik etortzen dira asko.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide