Kontzientziazio kanpaina abiatu dute, COVID-19 kutsatzeak saihesteko

Zarauzko Hitza 2020ko uztailaren 2a

Ostalariek gutun bat jasoko dute udaletik bete behar dituzten arauekin. Era berean, herritarrek bete behar dituzten arauak zehazten dituen kartel bat jasoko dute.

Etorkizunean COVID-19 kutsatzeak saihesteko asmoz, kontzientziazio kanpaina bat jarri du abian Zarauzko Udalak. Gisa horretan, gogorarazi nahi dute gutxienez 1,5 metroko tartea utzi behar dela pertsonen artean, eta distantzia hori mantentzea ezinezkoa denean, derrigorrezkoa dela maskara erabiltzea. Era berean, eskuak urarekin eta xaboiarekin edo gel hidroalkoholikoekin maiz garbitzea gomendatzen dela.

Ostalaritza sektoreak eta, oro har, herritarrek "oraindik ere arreta mantendu" behar dutela  nabarmendu du Iban San Martin Herri Segurtasuneko zinegotziak: "Une latzak igaro ditugu pandemia honetan eta birus honi aurre egiteko modu bakarra, oraingoz, higiene arauak eta distantzia soziala errespetatzea da".

Udalak gutun bat bidaliko die ostalari guztiei bete behar dituzten arauak gogoratzeko, eta, bide batez, kartel bat ere helaraziko die, herritarrek bete behar dituzten arau guztiak zehazten dituena. Egoera honen aurrean "arduratsu" jokatu behar dela azpimarratu du San Martinek.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide