Turismo jasangarriaren aldeko apustua egin nahi du PSE-EEk

Zarauzko Hitza 2020ko uzt. 1a, 16:48

Turismoa berreskuratzea funtsezkotzat dute sozialistek. Hala azpimarratu du Eneko Andueza Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusiak hauteskunde kanpainako ekitaldian.

Uztailaren 12ko Legebiltzarrerako hauteskundeen kanpainan murgilduta, PSE-EE alderdiaren ekitaldia izan da goizean Lege Zaharren Enparantzan. Bertan izan dira Eneko Andueza Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusia eta Eusko Legebiltzarrerako zerrendaburua Gipuzkoatik, Susana Corcuera Politika Instituzionaleko idazkaria eta Gloria Vazquez Zarauzko Udaleko zinegotzi eta Eusko Legebiltzarrerako hautagaia.

Anduezak nabarmendu du enplegua eta gizarte agenda direla sozialisten lehentasunak, baina, uste du ekonomiarentzat bereziki "funtsezkoa" izango dela turismoa berreskuratzea. Turismo hori segururua izateko bidean, Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatu sozialistak bultzatutako Nik Hondartzak aplikazioa goraipatu du zerrendaburuak, eta gaineratu du sozialistek sustatu nahi duten turismoa "familia girokoa eta ingurumenarekiko jasangarria" dela. Egungo krisialdia aukeratzat dauka idazkari nagusiak, "orain arteko garapen eredua berbideratu, eta gure seme-alabei etorkizun hobe bat eskaini ahal izateko".

Vazquez harro agertu da iragan legealdian Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Etxebizitza Sailak Zarautzen egindako inbertsioengatik. Gipuzkoatik zortzigarren hautagaia da Vazquez. Hori dela eta, azaldu du Zarautzen proiektu berriak garatzeko bermea litzatekeela hauteskundeetan PSE-EE indartuta ateratzea.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide