Bihar hasiko da hondartza denboraldia

Zarauzko Hitza 2020ko ekainaren 30a

Hondartzako erabiltzaileen edukiera kontrolatzeko egokitu dituzten sarreretako bat. (Zarauzko Udala)

Hondartzaren erabilerarako zehaztu dituzten arauak gogorarazi ditu udalak, eta jakinarazi dute arau hausteak isunekin zigortuko dituztela.

Ekainaren 15etik hondartza denboraldiko zerbitzu guztiak martxan dira Zarautzen, baina, ofizialki, bihar hasiko da hondartza denboraldia Gipuzkoako hondartza guztietan, baita Zarautzen ere.

Hainbat neurri hartu dituzte herri guztietan koronabirusaren hedapena ahalik eta kontrolatuen egon dadin, beraz, aurtengo uda oso berezia izango da aurrekoekin alderatuta.

Hemen daude zerrendatuta COVID-19a ez hedatzeko hartutako neurriak:

  • Ez da toldorik izango.
  • Gehienez egon daitekeen jende kopurua mugatuta dago, eta zazpi sarrera eta zazpi gune ditu hondartzak.
  • Egokitutako sarrera-irteerak erabili beharko dira derrigor hondartzara sartzeko edo irteteko.
  • Egutegi bat sortuko dute udaldiko egun bakoitzean itsasgoran eta itsasbeheran izan beharreko gehienezko edukierak zehazteko eta kontsultatzeko.
  • Edukieraren momentuko informazioa kontsultatu ahalko da hondartzan bertan –etxolen gainean jarri dituzten karteletan–, udalaren zarautz.eus webgunean eta herriko sarreretan –autobideko sarreran eta Narros jauregiaren aurrean, N-634 errepidean–.
  • Hondartzako edukiera 10:00etatik 18:00etara kontrolatuko dute.
  • Gomendatzen dute gehienez ere hondartzan bi edo hiru orduko egonaldia egitea.
  • Gutxienez 1,5 metroko distantzia mantendu beharko da batera bizi ez diren pertsonen zein beraien objetuen artean.
  • Distantziak ondo mantenduz gero, aulkiak eta eguzkitakoak erabili daitezke.

Udalak jakinarazi duenez, arau hauste arintzat, larritzat edo oso larritzat joko dute erabiltzaileek araudian jasotakoak ez betetzea, eta isunak 30, 300 edo 1.000 eurokoak izango dira, hurrenez hurren.

Arau hausteak ondokoak izango dira:

  • Egokitutako guneetatik ez beste nonbaitetik sartzea hondartzara.
  • Ez errespetatzea hondartzara sartzeko debekua, sarrerak itxita daudenean.
  • Marea igotzen denean eta gehienezko edukiera murrizten denean hondartzatik alde egiteko esanez gero, kasurik ez egitea.

Txurrukak gaineratu du uda "atipikoa" izango den arren, hondartzaz "ederki gozatzeko" aukera izango dela denboraldi honetan ere, "arauak ondo errespetatzen baditugu, hondartza ondo erabiltzen badugu eta higiene eta distantzia neurriak bermatzen baditugu".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide