Prest dira Zarautz Arraun Elkartekoak arraun denboraldi bereziari ekiteko. COVID-19 birusak eragindako egoerak erabat baldintzatuta, baina lehiatzeko gogoz dira klubetako arraunlariak, eta halaxe daude Enbataren bi taldeak ere. Eusko Label ligakoek uztailaren 4an izango dute aurreneko jardunaldia, eta uztailaren 11n, berriz, KAEkoek. Horregatik, iritsi da aurtengo taldeak herritarrei aurkezteko unea. Bihar, igandea, 12:00etan jarri dute hitzordua Lege Zaharraren enparantzan, eta klubak zaleak animatu ditu bertaratzera, betiere babes neurriak hartuta; alegia, maskara jantzita.
Eusko Label Liga uztailaren 4an hasiko da A Coruñan, 18:00etan, eta gizonezkoen lehen jardunaldirako txanden zozketak atzo egin zituzten: CR Ares, Donostiarra, Ondarroa eta Orio taldeek lehen txandan egingo dute arraunean; Lekittarra, Santurtzi , Cabo eta Zarautz bigarren txandan lehiatuko dira; eta Hondarribia, Kaiku, Urdaibai eta Zierbena, berriz, hirugarren eta azken txandan ibiliko dira nor baino nor.