Auzotarren parte hartzea gako

Zarauzko Hitza 2020ko ekainaren 21a

Aurten jende gutxirekin ospatu behar izan dituzte festak, baina datorren urtera begira, gainontzeko zarauztarrak besozabalik jasoko dituztela garbi dute Zelai Ondoko Jai Batzordekoek.

Ez dira garai errazak ekitaldiak antolatzeko. Duela aste batzuk, beste hainbat konturen artean, denen burutan zen zer gertatuko ote zen herriko festekin. Oztopoak oztopo, auzoetako jai batzordeek egoerara moldatzen jakin dute. Maiatzean Santa Marinako bizilagunek sekula ikusi gabeko danborrada egin zuten eta, aste honetan, Zelai Ondokoen txanda izan da.

Inguruko jendea auzora joatea ez denez komeni, auzotarren parte hartzeak eman dio Zelai Ondori festa kutsua. Jai Batordekoek azaldu dute atzo goizean txistulariekin egindako kalejira izan zela unerik bereziena beraientzat. "Auzotarren irribarreak eta txalo zaparradak sumatzean ohartu ginen merezi izan zuela egindako lanak". Batzordekide batek azpimarratu du adineko jendearen ilusioak hunkitu zuela gehien.

Garbi daukate auzotarren inplikaziorik gabe ez litzatekeela festarik egongo, eta hori inoiz baino ageriago geratu da aurten. Bokadillo txapelketa nahiz balkoiak apaintzeko lehiaketa antolatu dituzte, eta parte hartzea oso altua izan ez bada ere, hainbat auzotarrek mimo handiz jardun dute kozinatzen eta balkoiak apaintzen. Unblenble egin zutenean ia nahigabe sortu zen giro ederra ere "ikaragarria" izan zela nabarmendu dute.

Aurten jende gutxirekin ospatu behar izan dituzte festak, baina datorren urtera begira, gainontzeko zarauztarrak besozabalik jasoko dituztela garbi dute Zelai Ondoko Jai Batzordekoek.

Kandelak eta irratia prest

Asteartean, ekainaren 23an, kandelak piztuta leihoetara ateratzeko deialdia sartu dute egitarauan, surik izango ez delako. Arraio Irratian San Juan zortzikoa jarriko dute 22:00etan, beraz, auzotarrak animatu dituzte ordu horretan FM-ko 99.3a sintonizatzera.

Argazkiak: Zelai Ondoko Jai Batzordea

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide