"Kaos bat zen: kaos kontrolatu bat"

Arantxa Iraola-Berria 2020ko ekainaren 21a

Zarauzko bizilagun Iñaki Peña medikuaren eta Nerea Arriola erizain donostiarraren testigantzak jaso ditu Arantxa Iraola kazetariak 'Berria' egunkarian. Biek ala biek gertu-gertutik bizi izan dute pandemia.

Iñaki Peñak (Burgos, Espainia, 1971) Arrasateko erietxean (Gipuzkoa) dihardu, barne medikuntzan eta zainketa aringarrietan. Eskualde mailako ospitalea da, handiek baino baliabide apalagokoa: ZIU zainketa intentsiboetako unitaterik, esaterako, ez dute, eta erietxe handiagoetara bideratu behar izaten dituzte usu paziente larrienak. Peñak adierazi du horrek ekarri zizkiola COVID-19ak eragindako unerik gaitzenak; epidemiaren goraldian, gaixoak bata bestearen atzetik heltzen ari zitzaizkien zurrunbilo hartan, ospitale handiagoetara ate joka joan, eta murru nahi baino gotorragoa aurkitu zuten une batzuetan. «Kasuren batean gertatu zen gertatu behar ez zuena. Igual psikosiarengatik: izuarengatik». Nerea Arriola Urberuagak (Donostia, 1988) Donostia ospitalean dihardu, zainketa intentsiboetako unitatean. Gaitzak larri erasandako paziente asko ikusi ditu han. «Etortzen zirenak oso larri etortzen ziren». Zarautzen (Gipuzkoa) egin dute biek topaketa. Ez zuten aurrez elkar ezagutzen, baina haien hitzetan agerikoa da tunel berean egon direla.

Oldarraldi bat izan du birus honek, eta hortxe egon zarete. Zer ikusi duzue erietxeetan? Zer irudi geratu zaizkizue?

NEREA ARRIOLA (N.A.): Asko. Egoera surrealista izan zen niretzat. Egun batetik bestera pasatu ginen lan egiteko beste modu batera, eta dena geratu zen. Nik gogoan dut zainketa intentsiboetan, Donostian, hainbat egun egin genituela itxaroten. Gasteiztik zetorren informazioa entzuten egin genituen hainbat egun, eta geldirik geunden: zain. Eta hasi ziren pazienteak iristen, bata bestearen atzetik. Lehen astea horrela joan zen: pazienteak etorri eta etorri... Ikasi egiten duzu, asko, datozen neurrian. Lan egiteko metodologia guztiz aldatu zen. Nire irudipena da duela denbora pila bat gertatu zela. Eta sentipena zera da: kaosa. Emozionalki ere karrusel bat. Fisikoki ere oso nekagarria, baina, batez ere, buru aldetik: emozionalki. Orain ari gara barneratzen gertatu den hori.

IÑAKI PEÑA (I.P.): Guri antzeko zerbait gertatu zitzaigun. Gasteiz oso gertu dugu, eta zuzenean informazioa jasotzen genuen handik; atzean, Donostia. Momenturik txarrena astebete izan zen: ez zen gehiago izan. Blokeatuak genituen Donostia eta Txagorritxu [Gasteizko erietxea], biak: ezin genituen pazienteak bidali hara. Argi dago: paziente bat ez badago zainketa intentsiboetara bidaltzeko eran, kudeatu egiten duzu hori; hori da nire lana. Baina besteak? Eta Gasteiz itxita zegoen, eta Donostian beldur ziren. Egon zen aste bat zeinean ez baikenuen pazienteak nora bidali.

Egoera gogorrak ziren...

N.A: Kaos bat zen: kaos kontrolatu bat. Pertsona batzuk arnasgailuarekin, sedazioarekin, monitorizazioarekin, eta, gainera, sedazioaz haragoko botikekin... Dena kablez beteta, eta gu, astronauta batzuk bezala jantzita. Egokitzapen prozesu iraunkorrean geunden: lanari, gaixo mota horri... Paziente kritikoak kudeatzen badakigu zainketa intentsiboetan, baina hor zegoen, gainera, ingurumari hori guztia. Presio soziala zegoen, emozionala, eta, gero, gainera, pazienteak bakarrik zeuden: familiarik gabe. Sendiak ere kudeatu egin behar izan dira.

Gauza asko batera…

N.A.: Eta koronabirus hitzak daukan pisua. Hori guztia kudeatu egin behar da. Baina ikasketa prozesu bat izan da. Orain, beste oldarraldi bat badago; gutxienez badakigu zer dagoen. Segur aski, psikologikoki gogorra litzateke, baina badakizu zer dagoen. Kudeaketa aldetik, edota babes jantziak erabiltzeari dagokionez, adibidez. Jarri eta kendu, ikasi egiten da azkenean, eta era automatikoan egiten da. Baina gogoratzen naiz, lehen aldietan...

I.P.: Bai, eta betaurrekoekin ezer ez ikustea: ikaragarria da. Egoera martzianoa izan da: martzianoa. Eta bota dituzu pare bat gako. Bat da bakardadearena.

Hain justu, birusa tarteko, bakarrik egon behar izan dute paziente askok. Zuen erietxean ere bai, Iñaki? Ala zuenaren erako zentro txikiagoetan malgutasun handiagoa izan duzue?

I.P: Ospitale txiki baten alde ona, esate baterako, hori da: halako krisi batean ere, gertutasuna dugu pazienteekin, haiek bakarrik ez egoteko. Eta ni, alde horretatik, pozik nago. Eman diegu aukera hainbat familiari azken agurra egiteko... Niri zainketa aringarrietako begirada izateak ere asko lagundu dit. Beste gauza bat da. Larrimina ezberdina da.

Irakurri elkarrizketa osorik, hemen klikatuta.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide