Zarauzko EAJ: "Funtsezko urtea izan da proiektu estrategikoak martxan jartzeko"

Zarauzko Hitza 2020ko ekainaren 20a

Zarauzko EAJko udal taldea. (Zarauzko EAJ)

Agintaldiko lehen urtearen balantzea egin du jeltzaleen udal taldeak, eta nabarmendu dute COVID-19ak eragindako krisiaren ondorioz, "ezusteko egoera bat bizi eta kudeatzea" tokatu zaiela.

Urtebete igaro da EAJk udal hauteskundeak berriz irabazi irabazi eta PSE-EE alderdiarekin gobernu ituna sinatu zuenetik. Agintaldiko lehen urtea igaro den honetan jeltzaleen udal taldeak balantzea egin du. "Zarautzen alde eta zarauztarren ongizatearen alde egin behar genuen guztiaren ideia garbiekin hasi genuen legealdi berria. Ideia hauek Agintaldi Planean jaso genituen, lau urte hauetarako udal gobernuak erabiliko duen gida liburua izango dena”, adierazi du Xabier Txurruka alkateak.

COVID-19ak eragindako pandemiak ekarritako krisia izan da Udal Gobernuan daramaten bost urte hauetan kudeatzea tokatu zaien "egoera zailena", Jesus Arana alkateorde eta Ogasun zinegotziaren hitzetan. Urte erraza izan ez arren, ez diotela lan egiteari utzi nabarmendu dute. Azken hiru hilabete hauetan "ezusteko egoera bat bizi eta kudeatzea" tokatu zaiela gaineratu du Txurrukak: "Alarma Egoera ezarri zenetik, Zarauzko Udala egoera aurre egiteko lanean jarri zen buru-belarri, oinarrizko zerbitzuak berrantolatu eta indartzen; bereziki, gizarte politiken arloan. Dirulaguntza ekonomikoen partida handitu zen eta egoera zaurgarrian zeuden kolektiboei laguntza eskaintzeko neurriak hartu ziren”.

Udalak COVID-19 laguntza plana jarri du martxan, eta 1.500.000 euro inguru bideratuko ditu merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektoreek konfinamendu egoeraren ondorioz jasandako kalte ekonomikoei edo jardueraren eteteei aurre egiteko. “Iker Basurko Garapen Ekonomikoko zinegotziak gogora ekarri du plan honetan jasotzen dela egunotan martxan jarriko den Zarautzen Erosi 2020 bono programa, bertako kontsumoa sustatzeko helburua duena.

"Proiektu estrategikoak"

Urte hau "funtsezkoa" izan dela Zarautzentzat dio alkateak, "estrategikoak diren proiektuak bideratu eta martxan jartzeko". Errotaberriko industrialde berriaren urbanizazio lanetan "aurrerapen handiak" egin dira (Olaa errekaren naturalizazioa amaituta, Itur eta Urragako zubi berriekin) eta industrialdeak Abendañoko eta Frantzeskuako zubi berriekin lotzeko, Salberdin bizi eremu berriaren obrak hasteko, edo Aldapetako urbanizazioa eta igogailuak egiteko; azken hauek urte amaierarako martxan jarri nahi dituzte.

Torreoia eta Vista Alegre parkea berreskuratzeko konpromisoa bete dutela gaineratu du Txurrukak, Lauaxeta eta Aresti kaleen berrurbanizazioa amaitu dutela, baita Lizardi Institutuaren ondoan erabilera anitzeko kirol pabiloi berria eraikitzeko lanak amaitzear daudela ere. Horiez gain, agintaldiaren hasieran Asti Txiki futbol zelaiaren belar artifiziala berritu zela gogora ekarri dute, eta Haurreskola, Orokieta eta Musika Eskolako instalazioak hobetzeko inbertsioak egiten jarraitzeko asmoa dutela erakutsi dute.

Moila konpontzea izan da udalak kudeatu behar izan duen beste fronteetako bat, otsailean izandako olatuen ondorioz. Lanak oso erritmo onean doaz eta zarauztarrek uda honetan berriro gozatu dezaten espero da. Beste inbertsio garrantzitsu batzuk, ondorengoak dira: Auzoz Auzo auzoetako hobekuntza-programa, asfaltatzeko urteko plana, Hiruerreketa eta Untzain Bideko saneamenduko jarduerak, Lapurdi kaleko trafikoaren berrantolaketa, suhiltzaileen aurreko autobus-geltokiko hobekuntzak edo Abendañoko eremuan prest dagoen autokarabanentzako eremu berria, besteak beste.

Erakundeekin elkarlanean

Gainerako erakundeekin batera egindako lanari esker, inbertsio garrantzitsuak egin dituztela nabarmendu du EAJk, hala nola Iñurritza ibaia naturalizazioa Iritan (Uraren Euskal Agentziarekin lankidetzan) eta Itxasmendin berdeguneak handitzea; IAT eraikin berria irekitzea (Eusko Jaurlaritzaren eskutik) edo AP-8an Astiko zubibidea birgaitzea (Bidegi-Gipuzkoako Foru Aldundiaren obra).

Azpimarratu dute udal lursail bat 6,4 milioi euroan saltzeak –125 etxebizitza babestu eraikitzeko–injekzio handia ekarri diola udalaren diruzaintzari. Laster Salberdingo beste partzela bat ere jarriko dute salgai, geltoki berria eta azpiko pasabidea egiteko ETSrekin sinatutako hitzarmena finantzatzeko. Honek Salberdin eta Gaztainpe kaleak lotuko ditu.

Txurrukaren arabera, "egiten ari garen guztia egiteko, diruaz gain, kudeaketa arduratsua duen plangintza bat behar du. Orain arte inbertitutako guztia udal ekonomia zorpetu gabe egin da. Datozen urteetan inbertsio plana berrikusi beharko da, pandemia osteko krisi ekonomikoaren ondorioz diru-sarrerak nabarmen murriztea aurreikusten delako. EAJko zinegotzien taldeak berretsi egiten dugu Zarautz suspertzeko, tokiko ekonomia babestu eta indartzeko eta gure udalerriko bizi-kalitatea hobetzen jarraitzeko lanean jarraitzeko konpromisoa, pertsonak gure ekintza politiko guztiaren erdigune izanik, une oro zarauztar bakoitzaren ongizatea eta babes soziala bermatzen jarraituko dugu";.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide