Aurtengo sanpelaioak ez dira ohiko moduan ospatuko, baina, danborrada sinbolikoa antolatu du udalak ekainaren 25erako, San Pelaio bezperarako. Lege Zaharren Enparantzako ekitaldira gehienez ere 200 herritarrek ahalko dute joan, eta horretarako zozketa batean eman beharko da izena, Zarauzko Udalaren webgunean.
Zozketa bitartez, izena ematen dutenen artean 100 herritar
aukeratuko dituzte eta bakoitzak bi gonbidapen jasoko ditu. Gaur da zozketan parte hartzeko azken eguna. Behin izena emandakoan, mezu elektroniko bat jasoko du herritar bakoitzak egokitu zaion zenbakiarekin. Zarautzen erroldatutako 14 urtetik gorako herritarrek hartu dezakete parte zozketan. Ekainaren 22an egingo dute, eta Zarauzko Udaleko webgunean streaming bidez ikusteko aukera egongo da.