'Normaltasun berria' bihar sartuko da indarrean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Aitziber Arzallus 2020ko eka. 18a, 14:44

Eusko Jaurlaritzak bihar argitaratuko du normaltasun berria arautuko duen dekretua; izan ere, gaur sinatu du larrialdi egoeran hartutako neurriak bertan behera uzteko dekretua Iñigo Urkullu lehendakariak. Bihar zabalduko dute Kantabriara joateko muga; ez, ordea, Nafarroara joatekoa.

Iñigo Urkullu lehendakariak gaue goizean sinatu du larrialdi egoeran hartutako neurriak bertan behera uzteko dekretua. Horrenbestez, alarma egoera indargabetuta, “normaltasun berria” deituriko egoerara sartuko dira bihar, ostirala, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eman du horrenbeste itxarondako albistea: “Ia ehun eguneko salbuespen egoeraren ostean, normaltasun berria bihar hasiko da Euskadin”.

Alarma egoera indargabetzeko behin betiko erabakia hartu aurretik, sailburuekin bildu da lehendakaria. Osasun Sailak Jaurlaritzako sailburuei aurkeztu dien txostenaren arabera, “osasun eta epidemiologia egoera ikusita, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan gainditutzat jo daiteke hirugarren fasea”. Ondorioz, Lakuak Gernikako Estatutuak arautzen dituen eskumenak berreskuratu ditu bihar.

“Normaltasun berria” Nekane Murga Osasun sailburuak sinatutako agindu batek arautuko du, eta agindu horrek zehaztuko ditu zeintzuk izango diren etapa berriko prebentzio, zaintza eta kontrol neurriak. Erkorekaren esanetan, agindu horrek “Euskadiri egokitutako araudi propio bat” zehaztuko du, eta aurrerantzean ere neurriak eta norbanakoen ardura mantentzea “garrantzitsua” izango da, “birusa oraindik ere gurekin dagoelako”. Agindu hori bihar argitaratuko dute Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, atzera eraginarekin, alegia, aginduak jasoko dituen neurriak gaur gauerditik egongo dira indarrean.

Gaur eguerdian baieztatu duen arren, nahiko gauza jakina zen Eusko Jaurlaritzak gaur gauerdian indargabetuko zuela alarma egoera, Urkulluk asteartean iragarri zuelako asmoa. Alarma egoera bertan behera geldituta, bihartik aurrera Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek posible izango dute Kantabriara (Espainia) joatea, Urkulluk eta Miguel Angel Revilla Kantabriako presidenteak bi erkidegoen arteko muga zabaltzea hitzartu dutelako. Lehendakariaren arabera, “euskal herritar askok dute bigarren etxebizitza han, eta interesgarria izan daiteke asteburu honetan normaltasun irudi hori ematea”. Urkullu eta Revilla bihar goizean biltzekoak dira mugatik gertu dagoen Bizkaiko herriren batean, irekiera irudikatzeko ekitaldi bat egiteko. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek Nafarroara, aldiz, ezingo dute joan astelehenera arte, han alarma egoerak indarrean jarraitzen duelako.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide