Iritzia: 'Aldaketak'

Zarauzko Hitza 2020ko eka. 18a, 09:55

Zarauzko malekoia. (Onintza Lete Arrieta)

Jesus Mari Olaizola 'Txiliku'-k gaurko Urola Kostako Hitza egunkariaren Puntuka atalerako idatzi duen iritzi artikulua.


Aldaketez konturatzeko gaitasuna ez da beti berdina izaten. Batzuetan iruditzen zaigu gauzak behin eta berriro errepikatzen direla, beti direla bertsuak edo antzekoak. Beste zenbaitetan, 
ordea, ikusten dugu zerbait aldatzen ari dela: «The Times They Are a-Changin'» esan zigun Bob Dylanek aspaldi samar, eta «Nola aldatzen diren gauzak, kamarada!», Hertzainak taldeak; eta hori ere ez zen izan atzo goizeko kontua. 

Baina egia da: garaiak eta ohiturak aldatu egiten dira. Zenbaitetan aldaketa horiek gizarte osoari eragiten diote, eta beste zenbaitetan ez dira txikikeria bat besterik. Esaterako, musika-talde batek abestiari sarrera emateko «one!, two!… one, two, three!» oihukatzea ez da aldaketa handia, baina konturatu zein erraz pasatu garen euskaratik ingelesera. Aldaketa txiki bat besterik ez, baina badu bere garrantzia. 

Garai batean, korrika (saltaka, antxintxika…) egiten hasteko neska-mutikoek esaten genuen: «Bat, bi, hiru, lau!» (lau monosilabo ziren: bat-bii-ru-lau!). Gaztelaniaz, aldiz, un, dos, tres! izaten zen abiatzeko oihua. Cuatro luze samarra izan, itxuraz. Gaur egun euskaraz ere «bat, bi, hiru!» esaten dela uste dut. Aldaketa txiki bat da, baina badu esanahia. Ala ez?

Beste kontu bat da gaur egungo gizarte post-koronabirikoan suma ditzakegun aldaketak. Horiek badirudite sakonagoak. Horrela entzun dugu, hala esan digute, antsietate-puntu bat ere badugu, ez baitakigu ondo zein izan behar duen gure portaera. Jar dezaket ukalondoa tabernako barraren gainean? Bi metrora hitz egin behar diot bilobari? Aspaldi ikusiko gabeko lehengusuari eman diezaioket besarkada bat? Sar naiteke berdura-plazan esku-babesik gabe? Uki dezaket liburua liburutegira joandakoan?

Errudun sentitzen gara kalean musukorik gabe ibili eta musukoa duen norbait urrutiratzen zaigunean, gizarte-errespetuzko distantzia mantenu nahian, eta inozo kikilak Allepuntara musukoa jantzita joan eta Getariatik datozen gehiengoa ezpain-bistan datorrenean. 

Egiatan garaiak aldatu egingo ziren ezpain-bistan ibiltzeak lizunkeria zantzua hartu baitu, ez dago zalantzarik.

Hala eta guztiz, esango nuke hainbat aldaketa atzera-aldaketak izan direla, eta gizakion zenbait portaera zaharrago berrargitaratu dela gure artean, lehengo joera sakonetatik berpiztutakoak, satorrak egunsentiarekin egin ohi duen trop, trop! azpiko lur-harrotzearen antzekoak.

Esaterako, aurreko astebukaera horretan baziren gaztetxo taldeak leku atseginean elkartu eta eramandako musika entzuten ari zirenak, duela mende erdi bat egin ohi zen moduan. Baziren, baita ere, eskua emanda kalean gora, kalean behera, tonto-kalean paseatzen zebiltzanak ere (hori ia mende bat atzera egitea da). Deigarriena musuko urdin konbinatuak zeramatzan bikote formal bat zen, agian. Eskutxoa eskutxoan eta musukoak ondo jarriak ezpain-bistan eta ezpainkerietan ez ibiltzeko. 

Deigarriak ziren, baita ere, taldetxoetan elkartutako nerabeak, baina ez harrigarriak. Etologiak erakutsi digu primateok horrelako joerak ditugula. Zuhaitzetako adarretan eserita egon ordez, errepide ertzeko aulkietan zeuden, eta fruta, hosto eta adaxkak izan ordez eskuetan, sakelako telefonoak zituzten, jo eta fuego. Bestela, aldaketarik ez.

Harrigarriena azkenerako utziz, beste agindu zentzugabe baten aipua: dantzarako lekuak irekitzeko baimena, baina dantza egiteko debekua. Beste ezer ezin, eta, artikulu hau aldaketaz doanez, aldaketa bat proposatu behar. Deitu diezaietela festaleku, batzartoki, gazteleku edo elkartoki direlako leku horiei, baina inola ere ez dantzaleku. Kontraesan handiagorik!

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide