57 urte bete ditu Hondartza Zarauzko Alkoholiko Anonimoetako taldeak

Zarauzko Hitza 2020ko ekainaren 25a

Ameriketako Estatu Batuetan du oinarria Alkoholiko Anonimoak elkarteak, baina Zarautzen bada astero elkartzen den taldea. Hondartza izeneko taldeak 57 urte bete ditu, baina, egoera dela eta, ez dute urteurren ekitaldirik egingo.

1935eko ekainaren 10ean bi gizon alkoholiko (Bill eta Bob) ohartu ziren on egiten ziela gaixotasunaz elkarren artean hitz egiteak, eta bizitzari duintasunez aurre egiten laguntzen ziela. Horrek markatu zuen Alkoholiko Anonimoak elkartearen hastapena. Akron hirian (Ameriketako Estatu Batuak) sortu zen elkartea eta, pixkanaka, mundu osoan zabaltzen joan zen. Zarauzko Hondartza taldea 1963ko ekainaren 26an sortu zen, eta gaur arte astero bildu izan dira, etenik gabe.

Elkartearen nondik norakoak gertuagotik ezagutzeko, elkarteko kide bat elkarrizketatu dute.

Zer da Alkoholismoa?

Alkoholismoa gaixotasuntzat jotzen du OME Osasunaren Munduko Erakundeak. Alkohola kontsumitzeko behar konpultsiboa da sintoma nagusia, eta sendaezina, mailakatua eta hilkorra da, baina eten daiteke kuntsumitzeari uzte hutsarekin.

Zer eskaintzen die taldera hurbiltzen direnei Alkoholiko Anonimoak taldeak?

Programa baten bidez, alkoholetik urrun eutsi ahal izateko laguntza eskaintzen dute, ez baitago adikzioaz libratzeko hagaxka magikorik.

Zein baldintza bete behar dira taldean sartzeko?

Baldintza bakarra da edana utzi nahi izatea. Ez da kuotarik ordaindu behar, eta ez dugu dirulaguntzarik onartzen. Finantzaketa gure ekarpen boluntarioetatik egiten dugu. Ez dugu inor baztertzen genero, arraza edo erlijio kontuengatik. Gure helburu bakarra da mozkortu gabe mantentzea eta gainontzeko alkoholikoei horretan laguntzea.

Nolakoak dira bilerak?

Arazo bera duten pertsonek beren bizipenak azaltzen dizkiete elkarri. Normala da azaltzea bestelako gaixotasun kronikoren bat duzula (diabetesa edo minbizia, esaterako), baina alkoholismoa biziotzat hartzen da, eta normalean ez da onartua izaten ez pertsonalki, ezta familian ere.

Gizartea oso permisiboa da alkoholaren kontsumoarekin, baina ez alkoholikoekin. Ez gara onartuak sentitzen, eta horregatik hitz egiten dugu gure arazoez egoera berean daudenekin.

COVID 19ak eragin al dio Alkoholiko Anonimoaki?

Bai, noski. Birusak bizitza geldiarazi digu eta ezin izan dugu aurrez aurreko bilerarik egin. Dena den, hasi gara berriro biltzen agintariek araututako segurtasun neurriekin. Konfinamendu asteetan edan gabe denbora asko zeraman baten bat berriro erori da, eta alkoholarekiko menpekotasuna dutela onartu duten jende askoren deiak jaso ditugu.

Hondartza taldeak ez du ekitaldi publikorik antolatuko 57. urteurrena ospatzeko, egoerak ez duelako horretarako aukerarik ematen. Dena den, gogorarazi dute ateak zabalik dituztela laguntza behar duenarentzat. Alkoholiko Anonimoen egoitzan eskuragarri daude, Langako Plazako 16. zenbakian. 24 orduko telefono zerbitzua ere badute: 629 14 18 74.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide