Iratxe Zorrozua Immigrazio Zinegotziak azaldu du hasiera batean ikasleek Komunikatu On programaren barruan sortutako bideoak Modelo Aretoan aurkeztu nahi zituztela, baina COVID-19ak sortutako egoeraren ondoren, telebista bidez emitituko dutela. Hain zuzen ere, bideo horiek Erlo Telebistan ikusi ahal izango dira.
Ekainaren 20an emitituko dituzte, Errefuxiatuen Nazioarteko Egunean, 21:30ean hasita. Kanpotik iritsitakoak hemengo bizilagunek nola ikusten dituzten eta horretan komunikabideek nola eragiten duten aztertu dute Zarauzko DBH 3 eta DBH 4 mailetako ikasleek, Gipuzkoako SOS Arrazakeriarekin elkarlanean. Lehen zatian komunikabideak aztertu dituzte begirada kritiko batekin, eta ildo horretatik segika, etorkinen inguruko estereotipoak eta aurreiritziak jarri dituzte zalantzan. Zorrozuak azaldu duenez, bigarren zatian ikasleak izan dira etorkinekiko aurreiritziak hautsi dituztenak, beren errealitatea bideo batzuekin adieraziz.
Lizardi, Salbatore Mitxelena eta La Salle ikastetxeetako ikasleen lana ikusi ahal izango da. Antoniano ikastetxean, ordea, ezin izan dute programa egin, aurrez aurreko eskolak eten dituztelako.