Bertsoak: 'Pandemia garaiko bitxikeriak'

Zarauzko Hitza 2020ko ekainaren 16a

Inaxio Uria 'Isasti'-k ondorengo bertso sorta bidali du HITZAra, Iparragirre abila dela doinuan sortua.

-1-
Koronabirusak sortu ditu
hainbat ondoren berezi
Pandemia hau sufritu gabe
ezingo nuke sinetsi
Berrogeialdi latza
Bikoiztuaz, demasa!!
Bertatik ezin ihesi
Neurri zorrotzak pairatu behar
eta zintzoki onetsi (bis)

-2-
Betebeharrak jaso ditugu
agintariengaindikan
Alarma eta bere faseak
lehenengo egunetikan
Erabaki gogorra
Guretzako zigorra
Irten gabe etxetikan
Behin eta berriz neurri zorrotzak
luzatuaz geroztikan (bis)

-3-
Neurriak nahitaezkoak dira
arrisku une hauetan
Baina politikoen jarrera
lotsagarria benetan!!!
Gobernu iritziak
saihestuaz hertsiak
bakoitzaren mesedetan
Hainbat eskari baldintzatuaz
abstentzio ordainetan (bis)

-4-
Egunez egun protagonistak
maskarilak izan dira
Lehen asteetan falta zirenez
ezin gomendatu, tira!!!
Eskuetan babesa
Hori zen nahi ta eza
Kaleratzean harira
pertsonen tarteak mugatuaz
agindutako neurrira (bis)


-5-
Orain maskarilaren aukerak
hor daude gure eskura
Miloikak dira fabrikatuak
Berandu, baina onura
Orain beti soinean
jendearte gunean
Guregain dugu ardura
Dirudienez luze joango da
gaitzaren aurkako guda (bis)


-6-
Uda honetan erronkak dira
tabernak eta hondartza
Nola mugatuko ote dute
beti eratzen den martxa?
Gaztea beti gazte
Ohiko kaka nahaste
Hainbat heldu ere, antza
Arrisku handia somatzen dut
Horrek sortzen dit zalantza (bis)

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide