Familia turismoa sustatzeko herri ibilbideak antolatu ditu udalak

Zarauzko Hitza 2020ko ekainaren 16a

Esther Facchin Turismo Bulegoko zuzendaria eta Ixidor LarraƱaga Turismo zinegotzia. (Zarauzko Udala)

Alde batetik, Zuhaitzen ibilbidea, Eskulturen ibilbidea eta Itsas-ondarearen ibilbidea jarriko dituzte abian, eta bestetik, haurrei zuzendutako Marco Topo gida.

Zarautz turismoa familian egiteko erreferente bihurtzeko lanean ari da Zarauzko Udala, eta horretarako, bere eskaintza zabaltzeko euskarri berriak lantzen ari da Turismo Bulegoaren bidez. Horren adibide da familia turismoa sustatzeko antolatu duen herri ibilbide sorta; hasiera batean, Aste Santurako aurkezteko asmoa zuten, baina COVID-19aren eraginez, atzeratu behar izan dute.

Eskaintza hiru herri ibilbide bereziz osatuta dago: Zuhaitzen ibilbidea, Eskulturen ibilbidea eta Itsas-ondarearen ibilbidea. Ixidor Larrañaga Turismo zinegotziaren esanetan: “Zarauzko hondartza, gure altxorretako bat da, baina herrian beste hamaika aukera edo plan egin daitezkeela azpimarratu nahi dugu. Gure ingurune bikainari balioa emateko ordua iritsi da”.

Eskuorriak euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez prestatu dituzte, eta Zarauzko Turismo bulegoan egongo dira eskuragarri. Ibilbide horien inguruko informazio xehea www.turismozarautz.eus-en jaso daiteke. “Familian egiteko oso plan erakargarriak direla uste dugu", nabarmendu du zinegotziak. Aipatutako ibilbideak, gainera, bertakoentzat zein bisitarientzat zuzenduta daude.

Marco Topo haurren gida
Haurrei zuzendutako Marco Topo haurren gida ere jarri dute martxan: pista jolas bat, herriko txoko bereziak ezagutzera emateko. Mapa bat eta mugikorra erabiliz, herriko leku ezagun batzuetatik pasa beharko dute haurrek eta hainbat galderari erantzun beharko diete. Galdera guztiei zuzen erantzun ondoren, diploma bat jaso eta Turismo Bulegoan oparitxo bat emango diete.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide