Iruñeko klausurako mojen bizileku ohia, ikusgai Photomuseumen

Zarauzko Hitza 2020ko ekainaren 15a

Marta Contin argazkilari donostiarraren argazkietako bat, 'Salestarrak' bildumakoa.

Marta Contin argazkilari donostiarraren Salestarrak lana ikusteko aukera dute herritarrek bihar hasi eta uztailaren 12ra arte. Museoaren aldi baterako erakusketen aretoan jarri dute obra. Alarma egoeragatik itxita egon ondoren, bihar zabalduko ditu berriz ateak, ohiko ordutegi eta egunetan: asteartetik igandera, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. 

Martxo erdialdean alarma egoera ezarri zutenetik itxita egon ondoren, bihar zabalduko ditu ateak berriro Photomuseumek. Aldi baterako erakusketa estreinatuz egingo du, gainera: Marta Contin argazkilariaren Salestarrak lanarekin. "Iruñeko Salestarren komentu zaharra da erakusketaren gai nagusia. Martaren begiradaren bidez, historiaz eta txoko magikoz betetako Iruñeko alde zaharreko eraikin enblematiko horrek gordetzen zituen sekretu guztiak azalera ateratzen dira", azaldu dute antolatzaileek.

"Irudi horien balio historiko-dokumentala nabarmendu" nahi dute. Izan ere, 1905etik 2003ra arte bizi izan ziren eraikin horretan, eta ondoren, komentua Iruñerriko Mankomunitateari saldu zioten eta eraikina zaharberritzen eta egokitzen ari dira, "Iruñerriko Mankomunitatearen etorkizuneko egoitza hartuko du eta".

Photomuseumeko arduradunen ustez, "argazkilariak maisuki bereganatzea lortu du eraikina osatzen duten espazioen esentzia, horma higatuak, altzari zaharrak, leiho eta ate zarratuak... denboran garraiatzen gaituzte, eta mojen antzinako etxea irudikatzera garamatzate, orain bakartia eta abandonatua".

Egileaz eta haren lanaz datu gehiago ere eman dituzte arduradunek: "Martak ikusleengan espazio hutsekiko edo biztanlerik gabekoekiko jakin-mina piztu nahi du bere irudiekin. Bere lanen artean, ez da ohikoa pertsonen irudiak agertzea. Paisaiak, ordea, liluratu egiten du, eta bere estilo fotografikoari dagokionez, hirien eta haien inguruen edertasunik eza interesatzen zaio. Normalean, kontsumituta diruditen espazioek erakartzen dute, hau da denboraren joana eta gizakiek egiten duten kolonizazio sistematikoa agerikoa den lekuek. Hori
proiektu honetan argi ikusten da; izan ere, argiaren eta kolorearen bidez, ikuslea gatibu hartzea, sorgintzea eta sugestionatzea lortzen baitu Martak".

Museoko arduradunek gogorarazi dute sarrera doakoa izaten dela asteazkenetan eta ostiraletan, eta hil honen amaierara arte, tarifa murriztua aplikatuko dutela; hau da, 3 euro.




Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide