Naturak egin dizkien opariei esker, badira Euskal Herrian bisitariak jasotzen espezializatu diren udalerriak, kontsumitzen duten bisitariak esan nahi baita, turistak. Bigarren etxe ugari dituzten herri horien erakargarritasuna hondartzak izan daitezke kasu askotan, ingurune menditsuak, eguraldi eguzkitsua eta aldagai askoren bat-egitea. Kontua da uda iritsi bezain laster populazioa halako hiru, halako sei edo gehiago handitzen dela turismoari etekina ateratzen asmatu duten herri horietan. Horrela izango al da aurten ere?
Bada erabateko adostasun bat aurtengo udari buruz: ate joka dagoena ez da beste uda bat izango. Koronabirusak goitik behera baldintzatu du turismoaren jarduera, eta ikusteko dago sektorearen barruan zein diren kalte handiko helmugak eta kalte txikikoak.
Zarautz goi-goian dago Euskal Herriko herri turistikoen artean. Surfak munduko erreferentzia bilakatu du azken hamarkadetan. Udan bikoiztu egiten da han ohiko populazioa, eta herriak eta inguruek (Getaria, Orio...) ziztada ekonomiko handia jasotzen dute turistei esker. «Bertako jende ugari etortzen da bere bigarren etxera, Gipuzkoako asko, baina baita Bilbokoak ere; eta Madrildik eta Kataluniatik ere bisitari asko etortzen da», esplikatu du Zurekin ostalaritza elkarteko bozeramaile Julen Olazabalek.
"Ematen du jendeak ez duela oso urrutira joan nahi aurten, eta baliteke Zarautzera etortzen direnek beren egonaldiak luzatzea". Uste du, gainera, agian jende gehiago geldituko dela bere etxean, eta Zarautz herri egokia dela egunpasak egiteko. Esperantzarik ez du galdu. "Badakigu aurten hondartzak muga batzuk izango dituela, eta hondartzak pisu handia daukala Zarautzen, baina beste hamaika altxor ditugu hemen, naturagune ikusgarrietatik hasita".