Aurten ezin izan du udalak herriko kultur aniztasuna aldarrikatzen duen Zarauztik Mundura jaia ospatu. Dena dela, haren ordezko beste ekimen bat antolatu du, Zarauzko ikastetxeek parte hartzen duten Ongi Etorri Eskolara programaren barruan: Lamiak eta Lloronak erakusketa.
Zarauzko margolarien eta beste herrialdeetako jatorridunen arteko elkarrizketa dira erakusketako artelanak. Udalak prentsa ohar bidez azaldu du Artezaleak elkarteko eta SKAPA Jai Batzordeko artistak aritu direla lanean, eta bizilagunek beraien jatorrizko herrialdeetako kondaira eta mitologiei buruz esandakoan oinarrituta birsortu dituztela pertsonaia mitologikoak.
Kolonbia, Euskal Herria, Kuba, Georgia, Sahara eta Errumaniako kondairak jaso dituzte artelanetan. Iratxe Zorrozua Immigrazio zinegotziak azaldu du "inoiz baino gehiago" aldarrikatu beharra dagoela "immigrazioak aberastu" egiten duela. "Elkarrizketa hau, modu sinbolikoan, udalerria osatzen duten kulturen arteko trukearen, ezagutzaren eta aitortzaren adibidea da, eta haren helburua da elkarbizitzarako zubiak sortzea eta aniztasun kulturala balioestea".