Udalak "oso larritzat" joko ditu Zarauzko ondare historikoan egindako pintadak

Zarauzko Hitza 2020ko ekainaren 6a

EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu zuten artikuluen aldaketa. EH Bildu abstenitu egin zen, eta Podemos-Equo Berdeak koalizioak aurka bozkatu zuen. Zigorrak 3.000 euro artekoak izan daitezke.

Zarauzko Udalaren maiatzeko ohiko osoko bilkurak onartu zuen aurrerantzean "oso larritzat" jotzea Zarauzko ondare historiko, kultural edo arkitektonikoko elementuetan mota guztietako pintadak egitea.

Hori onartuta, halako eraikin edo egituretan pintada bat egiteak 1.501 euro eta 3.000 euro arteko zigorrak ekar ditzake. Jendaurrean dago bide publikoaren erabilera, garbiketa eta bertako hiri-paisaiaren babesa arautzen dituen ordenantzaren artikuluen aldaketa, behin betiko onartu aurretik.

Xabier Txurrukak alkateak ondorengoa adierazi du prentsa ohar bidez: "Proposamen honen bidez, Oteizaren Bertsolari Plazako eskulturan, frontoietan, ekipamendu publikoetan, Iñurritzako ermitan edo Narros Jauregian egin zituzten antzeko pintadak egin ditzaten saihestu nahi dugu. Zarauzko ondarea babestu nahi dugu, gure altxorrik handienetako bat. Ez dugu onartuko ondarea pintadekin edo grafitiekin kaltetzea inori ezer inposatzen saiatzeko, guztiona den zerbait delako, eta guztiok errespetatu behar dugulako."

"Gai honetan, oposizioko talde politikoen jokabidea ulertzea zaila iruditzen zait; zoritxarrez, ez zuten proposamena babestu, aipatutako zigorrak gehiegizkoak direla uste dutelako", ondorioztatu du Txurrukak.

EH Bildu koalizioak udalbatzarrean azaldu zuen beraiek "bizikidetzaren aldekoak" direla eta "guztion ardura" dela ondasun publiko guztiak zaintzea. "Ordenantzan planteatzen diren aldaketa batzuek ez gaituzte guztiz konbentzitzen. Ez dugu uste arau-hauste arina izatetik oso larria izatera pasatzeak suposatuko duen isunen igotzeak gertaera horiek ez gertatzea ekarriko duenik. Helburua bada eraikinak kaltetuak ez izatea, iruditzen zaigu isunen bidea baino eraginkorragoa izango litzatekeela bide pedagogikoagoa hartzea", azaldu zuen Itziar Murua bozeramaileak. Horrez gain, besteak beste, iradoki zuen herritarren artera eramatea espazio publikoen inguruko hausnarketa.

Oihane Delgado Podemos-Equo Berdeakeko ordezkariaren arabera, koalizioa desados dago proposamenean jasotzen diren puntuen arteko batekin. Hain zuzen, bertan jasotzen da alkateak dekretu bidez isunen zenbatekoa erabakitzeko ahalmena izango duela; puntu hori izan zen Podemos-Equo Berdeakek aurka bozkatzeko arrazoia.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide