Irudiak eta bideoa: Herritarrek babes irmoa adierazi diote erasotuari

Aritz Mutiozabal 2020ko ekainaren 4a

Jendetsua izan da iazko abenduan Arrano tabernan gertatutako eraso sexista salatzeko eta, era berean, erasotuari babesa adierazteko gaur iluntzean egindako elkarretaratzea, Lege Zaharren Enparantzan.

Bertan izan dira mobilizaziora deitu duten Danda Gazte Asanbladako kideak, Arranoko langile ohi batzuek, hainbat militante feminista eta erasotuaren inguruko beste hainbat pertsona. Baita Udal Gobernua osatzen duten EAJ eta PSE-EEko ordezkariak, Xabier Txurruka alkatea haien artean. EH Bildu koalizioko ordezkariak ere han izan dira.

Hamabost minutuko elkarretaratzea egin dute, Eraso sexistarik ez! Lepoan hartu eta babestu leloa zeraman pankartarekin, eta, amaieran, erasotuaren familiako bi kidek eskerrak eman nahi izan dituzte erasoa jasan duen pertsonaren eta bere hurbilekoen izenean gaur mobilizazio eta babesa adierazteagatik. Bide batez, atxikimendua bidali diete Hernanin eraso sexista jasan duten hiru emakumeei.

Biribiltzeko, honakoa adierazi dute: "Etxean erasotutako emakumea, erasotutako emakumea, emakumea lurrean badago, lepoan hartu eta lagundu aurrera segitzen, despatxotako paper artean galtzeko arriskua dago eta". Jarraian, txalo zaparrada artean hartu du plazan elkartu diren guztiek, eta familiako kideek pankarta tolestu dute ekitaldiari amaiera emateko.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide