Eraso sexista salatzeko deia egin du Zarauzko Berdintasun Kontseiluak ere

Zarauzko Hitza 2020ko ekainaren 4a

Iazko abenduan Arrano tabernan gertatutako eraso sexistaren inguruko oharra kaleratu du Zarauzko Berdintasun kontseiluak.

"Zarauzko Berdintasun Kontseilua, 2019ko abenduan Arrano tabernan gertaturiko eraso sexistaren aurrean, adierazten dugu:

-Gure elkartasuna eta babes osoa adierazi nahi dizkiogu eraso sexista jasan zuen emakumeari. Izan ere, bizi garen sistema patriarkal honetan, ezaguna zaigu zer ondorio kaltegarri dakartzan erasotuentzat halako gertaerak salatzeak, erasoaren ardura erasotuari egozteraino. Zentzu horretan, erasoa salatzean erakutsitako ausardia azpimarratu nahi dugu, jakin bai baitakigu etengabe eta toki guztietan gertatzen direla eraso sexistak, gehienak salatu gabe geratzen badira ere.

-Eraso sexista guztien aurkako gure jarrera berresten dugu, eta emakumeon ahalduntzearen aldeko lanaren beharra azpimarratzen dugu, eta, baita egiturazko matxismoa oinarri duen sistema aldatzeko beharra ere.


-Hori dela eta, bat egiten dugu erasoa salatzeko gaur, ekainaren 4an, iluntzeko 20:00etarako deitua dagoen elkarretaratzearekin".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide