Bi hilabete egin dituzte BERRIAn txandaka zutabeak idazten, irakurleei birusaz, izurriteaz eta ondorioez jakin dena eta ez dena argitzen. Erronka izan da bientzat, eta gustura daude egindako lanarekin.
BERRIAn ez ezik, hainbat komunikabidetan kolaboratzen duzue, birusaren eta izurritearen ikuspegi zientifikoa emanez. Erreferentzia bihurtu zarete. Hala sentitzen duzue?
ANA GALARRAGA: Bai. Gainera, bilatutako zerbait da. Elhuyarren helburua da zientzia gizarteratzea, gizarte kritiko eta ahaldundu bat lortzen laguntzeko. Gure lana da jendeari gakoak eskaintzea, egoera hobeto ulertzeko, ikuspegi zientifiko batetik. Sutan probatzen da eltzea, eta uste dut momentu hori tokatu dela: horri erantzuteko ahaleginaren fruitua da orain egiten ari garena.
MIREN BASARAS: Oraingoz ez naiz jabetzen erreferentzia naizenik. Egia da komunikabideek deitzen didatenean pentsatzen dudala beharbada izango dela ondo samar komunikatzen dudalako.
Ziurtasun gutxi eta zalantza asko. Zuen iritzietan, mezua eta tonua neurtzeko ahalegin bat nabari da, zuhurtasunerako joera.
GALARRAGA: Baina ez koronabirusaren kasuan bakarrik. Zientziaren beraren baitan dago: zuhurtzia oinarri-oinarrizkoa da. Kasu honetan, ordea, jendeak erantzun zuriak edo beltzak nahi ditu; baina batzuetan esan behar da ez dela posible, oraindik ez baitakigu. Ez dakigu erantzun hori etorriko den ere. Gainera, hau guztia oso dinamikoa izan da.
BASARAS: Ikerketen eraginez, aldatuz doa. Koronabirusaren kasuan ikusi dugu lehen egunetatik zenbat aldatu diren hainbat gauza: nola transmititzen den, asintomatikoek zer garrantzi duten... Horregatik, zuhurtziaz jokatu behar da beti. Horrelakoa da zientzia.
Ez da konplexurik izan behar onartzeko gauza batzuk ez dakizkigula.
GALARRAGA: Alderantziz. Horrela behar du. Birusa erabat berria da, eta ezinezkoa da jakitea zer gertatuko den, gertatu arte eta kasuak izan arte.
BASARAS: Ezjakintasuna handia da oraingoz. Horrela hartu behar dugu, zientzia horrelakoa delako.
Zer sentitzen duzue zuen jarduerek zientzia dibulgazioak eta mikrobiologiak hartu duten garrantzi eta oihartzun publikoa ikusita?
GALARRAGA: Ardura handia, jendea kezkatuta dagoen garai batean segurtasuna eman behar duzulako eta nolabait lagundu behar duzulako baretzen, egoeraren neurria emateko. Jendearen kezka ulertuta ere, ezin duzu esperantza faltsurik eman. Aspalditik esaten genuen garrantzitsua zela zientzian pixka bat jantzita egotea, eta zientzia gizarteratzeak oinarrizkoa eta zaindu beharrekoa izan behar duela. Orain agerian geratu da. Arduraz gain, asebetetasun handia ere sentitzen dut.
BASARAS: Nik ardura, eta baita errespetua ere, publikoki azaltzeko. Entzuten zaituen jende asko dagoelako eta mezuek argiak izan behar dutelako, ulerkorrak.