Zarauzko postala da. Itsaso distiratsua, atzean San Anton mendia duela, eta hondartza luzea, bere toldo bereizgarriekin. Aurten, ordea, COVID-19ak eragindako pandemia dela-eta, hondartzaren aforoa mugatzeko erabakiarekin ez dituzte jarriko ehunezko etxolatxo polit eta berezi horiek. Hondartza txaparro gabe. Baina edozein irudi turistikoren gainetik, toldoen atzean negozio bat dago, eta erabakiak zuzenean eragin die arduradunei.
«Guk ulertzen dugu erabakia. Azken finean, Euskal Herri osoan kendu dituzte: Donostian, Deban... Hau tokatu zaigu, eta aurten ez dugu jarriko. Ez da izan gure erabakiz. Instituzioek hartutakoa da guztion onurako, eta hori izango da onena», adierazi du Iñigo Garcia tolderoak. Aurtengo uda denboraldian toldorik ez jartzeko agindua Zarauzko Udaletik etorri zaie. «Guri udalak ematen digu toldoen kontzesioa, eta orain berritzea tokatzen zitzaigun. Baina pandemiaren kontuak egoera honetan utzi gaitu».
Zarautzen bi dira toldoen kontzesioa duten negozioak. Biak familiakoak direla jakinarazi du Garciak; beraienak urdinak dira –toldoen zutabea, aulkiak eta bankoak urdin kolorekoak dituztenak–, kale aldekoak, eta besteak, hondartzaren beste erdikoak, berdeak.
Urte osoko lana
Beraientzat galera handia dela azpimarratu du tolderoak. « Urtean zehar inbertsio batzuk egiten ditugu, materialak berritzeko eta konpontzeko, eta gero udan izaten da fruituak jasotzeko sasoia. Orain, beste bide bat hartu beharko dugu, edo ez dakit....».
Toldoak bizpahiru hilabetez agerian badaude ere, urte osoko lana dutela adierazi du Garciak: «Urtean zehar mantentze lana egiten dugu: guk geuk konpontzen ditugu euskarriak, margotu, baita soldatu ere. Gauza ezberdinak egiten ditugu urtean zehar, udarako dena prest egon dadin. Nahiz eta jendea ez den konturatzen, salitrearekin toldoak puskatzen joaten dira, eta horiek konpondu behar dira eta ezinezkoa denean, berriak egin... Gauza bera aulkiekin eta bankoekin».
Ostalaritza, merkataritza eta zerbitzuen sektorean dirulaguntzak onartu dituzten bezala, ea beraientzako ere laguntzarik edo kalteordainik izango den galdetzerakoan honakoa dio Garciak: «Bagabiltza harremanetan udalarekin. Beraiek ere ahalegintzen ari dira guk ere urtea nola pasatu dezakegun aztertzen. Itxura denez, esfortzu bat egiten ari dira, interesa jarri dute gugan, eta ea guztiok elkarrekin zerbait lortzen dugun».
Uda denboraldia aurki hasiko dela eta udala bera ere gauza guztiak lotzen ari dela nabarmendu du tolderoak. «Orduan, ba iritsiko da momentua gauzak zehaztekoa».
Kezka datorren urterako
Hainbat hamarkadaz hondartza toldo zuri-urdin, urdin, zuri-berde eta berdeek jantzita egon ostean, aurten biluzik ikusteak bestelako irudi bat emango du. «Astelehena zen denboraldiko toldoen lehen eguna, eta, egia esan, nahiko kuriosoa egiten da. Toldorik gabeko uda bat Zarautzen ez dakit inoiz ikusi ote dudan!».
Aurten toldorik ez egoteak, datorren urteari begira, jendea haien beharrik ez izatearen «beldur» bada Garcia. «Nik uste dut betidanik toldoa eduki dutenek alokatzen jarraituko dutela, jada hartzeko ohitura dutelako. Aurtengo urtea, gainera, berezi samarra da, eta ez dakit horrenbeste jaitsiko garen ere hondartzara. Uda denboraldi hau oso arraroa izango da». Edonola ere, tolderoak espero du datorren urtean hondartzako erabiltzailek toldoen alokairuarekin jarraitzea, «horretan saiatuko gara behintzat».