Astearte arratsaldea, Zarautzen. Kafe bat hartzeko geratu naiz lagun batekin eta terraza batean eserita nago haren zain. Nola ez, korona mamorro barnegalduak eman eta kendu dizkigun gauzetaz hasi naiz hausnarrean. Itsasoaren falta sumatu dut berrogeialdi luze honetan. Terrazarena ez. Lagunarena bai. Makinako kafearena ere bai.
Gogora etorri zait Ane Labakak eta Malen Amenabarrek (Txakur gorria) maiatzaren 10ean Berrian argitaratu zuten iritzi artikulua: Faltan izenburupean galdeketa moduko bat egiten zuten inguruan, jendeak faltan zer hartu duen aztertzeko. Euskaraz, gauzak faltan hartzen direla gogorarazten zigun Anek, eta ezinezkoa dela ezer faltan botatzea. Hari honi tiraka, ariketa berbera egitea okurritu zait niri, baina aurkako norantzan: inguruko hainbat pertsonari galdetu diet ea zerren beharrik ez duten izan bizimodua aldatu zitzaigunetik; alegia, faltan izateko gauzen zerrendatik zer den botako luketena.
A1-ek eman dio hasiera zerrendari, beste erantzun askotan ere irakurriko nuen hitzarekin: “Estresa. Egun guztia ordulariari begira egotea”, zehaztu du; haren ustez, orain artean zituen konpromiso guztiek eragiten baitzioten estresa. M1-k bat egiten du eta, bere originaltasun ezaz jakitun, esan dit pandemiaren aurretik faltan hartzen ez duena “erritmo itogarri normalizatua” dela.
E1-ek eta U1-k harrigarriki antzekoa den zerrenda bat bidali didate: tabernara joatea, kotxean aurrera eta atzera ibiltzea, asteko plan inposibleak egitea, gehiegi sozializatzea, “eta presa!” azpimarratu dute biek bukaeran. A2 ere berdin sentitzen da agenda gehiegi betetzearen aferan, eta gauzak galtzen ari denaren sentsaziorik gabe askoz hobeto egon dela dio.
E1-ek, gainera, kalera atera aurretik itxura fisikoari buruz izaten duen kezkaren faltarik ez duela izan aipatu du. Kezka hau beste erantzun batean ere jaso dut, “estres soziala” erantzun baitu A3-k itsumustuan; jendearen begiradapean egon gabe libreago sentitu da, besteek bere buruaz espero dutenaren inguruan gutxiago pentsatzea lortu du, “nahiz eta online jardunak autoexijentzian estutu duen”.
“Lanera joatea” ihardetsi dute modu zabalago batean S1, N1, M2 eta L1-k; hau da, gustura hartu dute lanerako ibilbide hori egin behar ez izatea. M2-k erantzuna argi eta garbi zuela azpimarratu dit eta azalpen-zerrenda sinpatiko bat gaineratu du: “Kotxea, gasolindegiak, A8a, semaforoak eta batez ere errotondak!”. Umoretsu esan dit L1-ek ere, kotxeaz gain, seme-alaba eta senarraren faltarik ez duela sumatu eta kokoteraino bukatu duela bizkotxoak jateaz: “Txokolate pepitadunak, marmoleztatuak, limoizkoak, azpia erretakoak…”.
U2-k hitz batekin erantzun du: “Loa”. Azaldu dit, erritmoa jaitsita inoiz baino hobeto egin duela lo azken hiru hilabetetan. I1-ek eta M3-k, atzera begiratu beharrean, oraintsu arte bizitakotik erantzun didatela iruditu zait: etxekoekin mezu bidez hitz egin behar izateak egin dio gainezka I1-i eta gehiegizko informazioak M2ri, “beldurra sortzen duen informazioa”, zehaztu du azken honek.
Erantzunik luzeenetakoa A4-k bidalitakoa izan da, eta kontsumoaren gaia erantsi du zerrendara, “arropa, kapritxo, trago eta bestelakoen kontsumoa” idatzi dit. Egoerak horiek gabe bizitzera bultzatu gaituela azaldu du eta, berari behintzat, horiek gabe ondo baino hobeto bizi daitekeela ikusarazi diola. Egoera honek oinarrizkora jotzera eragin dio, eta dagoeneko ez zaio ateratzen Internet bidezko erosketekin hutsune hori betetzea, ezta konpultsiboki erosten hastea ere.
“Askotasunaz” mintzatu da G1 ere, “asko lan egin eta asko kontsumitu”. Irudimenarekin, pazientziarekin eta malgutasunarekin hainbat hutsune betetzeko gai izan direla azpimarratu du; badakien arren, beraien testuinguruak eta lasaitasun ekonomikoak horretan eragin duela ere. Hausnarketa sakonago honen ostean, umorez amaitu nahi izan du G1-k bere erantzuna: “Ez dugu txakurrik ez izatearen penarik izan!”.
Ingurukoen erantzunak jaso ahala askotasunaren edo, kasu honetan, gehiegizkotasunaren kontzeptu zabal bat harilkatuz eta indartuz joan da, informazio gehiegi, estres gehiegi, plan gehiegi, kilometro gehiegi, kontsumo gehiegi…
Eta, pixkanaka, galdera ikur potolo eta itsusi samar bat sortu zait barruan: gai izango al gara faltan hartu ez ditugun guzti horiek, behingoz, gure bizitzetatik botatzeko?