Udaleku irekietako aurrematrikulazioa zabaldu du udalak

Zarauzko Hitza 2020ko ekainaren 3a

Ekainaren 10a bitartean eman daiteke izena. Edonola ere, oraindik ez da ziurra antolatu ahal izango diren.

Udaleku irekiak antolatzeko asmoa du udalak uztailean eta abuztuan. Koronabirusa dela eta, Osasun arloko agintariek ematen dituzten jarraibideek eta hartzen dituzten neurriek baldintzatuko dute aurtengo udaleku irekien kanpainaren antolaketa eta garapena. Horregatik, Hezkuntza zinegotzi Irune Urbietak jakitera eman du oraindik ezin dela "ziurtatu" antolatuko direnik, baina aurreikuspen bat egitea egokia iruditu zaie udaletik, eta aurrematrikulazioa zabaltzea erabaki dute.

Epea gaur bertan ireki da eta ekainaren 10era arte iraungo du. Udaleku Irekiak Lehen Hezkuntzako 1 eta 6 maila bitarteko haurrei zuzenduta daude. Antolatuz gero, gainera, aforoa mugatua izango da aurten. Datei dagokionez, uztailaren 1etik 30era eta abuztuaren 1etik 14ra izango lirateke, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:00etara. 

Parte hartu nahi dutenek izen emate orria bete eta hezkuntza@zarautz.eus helbidera bidali behar dute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide