Euskotren eta Eusko Label ligak uztailaren 4an hasiko dira, Coruñan (Galizia). Horretarako, ordea, ekainaren 8an arraun taldeek uretan entrenatzen hasi beharko dute. Hori da baldintza, eta beraz, datorren astean arinaldiko hirugarren fasean sartuta egotea beharrezkoa izango da. Data hori atzeratuko balitz, ligak ere astebete atzeratuko lirateke, eta Donostian jokatuko lukete aurreneko jardunaldia. Horixe erabaki dute TKE Traineru Kluben Elkarteko hamabi klubek gaur goizean egindako batzarrean. Arratsaldera arte iraun du bilerak, baina adostasunetara iristeko gai izan dira.
Hartu dute beste erabaki garrantzitsu bat ere: igoerak eta jaitsierak egongo dira aurtengo denboraldian ere. Zarautzek eskatu zuen jaitsierarik ez egotea, baina ez da halakorik onartu. Proposamena bozkatu ere ez da egin, horretarako nahikoa boto ez dituztelako eskuratu zarauztarrek.
KAE eta ETE ligetako estropadak, bost eremutan?
KAE eta ETE ligei dagokienez, egutegia eta estropada eremuak zehazten dituen proposamena bidali die aste honetan Kantauriko Arraun Elkarteak klubei, eta bihar arteko epea dute bozkatzeko. Proposamenean jasotakoaren arabera, hamabi estropada jokatuko dituzte KAEko bi ligetako eta ETE ligako taldeek, bost eremutan banatuta. Hasieran Getaria, Pasaia eta Castro Urdiales (Kantabria, Espainia) zituzten zehaztuta, eta Getxo eta Santander (Kantabria, Espainia) gehitu zaizkie orain. Beraz, litekeena da Getarian eta Getxon hiruna estropada jokatzea, eta bina Pasaian, Santanderren eta Castro Urdialesen.
Uztailaren 11n hasiko da lehia hiru ligetan, Pasaian, erlojuaren aurkako estropadan. Zortzi estropada jokatuko dituzte guztira, proposamenaren arabera. Horrez gain, zehaztu dute talderen batek KAE 1etik KAE 2ra jaistekotan bada COVID-19ak eraginda, talde hori ez dela jaitsiko. KAE 2tik goiko ligara igotzeko, berriz, zortzi estropada jokatu beharko dituzte. Bi talde igoko dira KAE 1era, eta beste bi jaitsi KAE 2ra. Abuztuaren 30ean amaituko dira hiru ligak.