COVID-19ari aurre egiteko hartutako neurriek kaltetutako jarduera ekonomikoei dirulaguntzak emateko oinarri espezifikoak onartu zituzten atzoko udalbatzarrean. Ondorioz, herriko merkatari, ostalari, zerbitzu eta autonomoei 1,1 milioi euroko dirulaguntza bideratzea adostu zen EAJ, PSE-EE eta EH Bilduren aldeko jarrerarekin. Hiru alderdien arteko elkarlanaren emaitza dira laguntza hauek, eta halaxe nabarmendu zuten plenoan bertan. Podemos-Equo Berdeak udal taldea, aldiz, abstenitu egin zen, nahikoak ez direla iritzi diotelako.
Dirulaguntzen helburua da pandemiak sorturiko krisi soziosanitarioak zerbitzuen sektorean eragindako kalteak arintzea. Baldintzak betetzen dituzten herriko merkatari, ostalari, zerbitzu eta autonomoei zuzenduta egongo dira. Udaleko Ekonomia zinegotzi Jesus Aranak azpimarratu zuenez, itxita egon diren jarduera ekonomikoetara dago bideratuta, eta baita irekita egon eta %40 baino gehiagoko diru jaitsiera izan badute ere.
BI laguntza lerro zehaztu dituzte; bata, jarduerari lotutakoa eta, bestea, uraren kontsumoari lotutakoa. Lehenengo lerrora 800.040 euro bideratuko dituzte, eta kopuru hori nahikoa ez balitz %10 igo dezaketela jakinarazi zuen Ekonomiza zinegotziak. Kasu honetan kontuan hartuko dira bi parametro: batetik, negozioaren azalera eta, bestetik, zenbat langile dituzten eta zein egoeratan dauden. Eskatzaileak 1.200 euroko laguntza jasotzera iritsi daitezke.
Bigarrenean, berriz, uraren ordainagirian ur-horniduraren eta arazketaren zenbateko aldakorrak hartuko dira kontuan, eta jarduera motaren arabera, %40 edo %70ko hobaria jaso ahal izango dute. Lerro honetara 170.000 euro bideratuko dituzte.
Dirulaguntza hauek Zarauzko Udalak pandemiak eragindako kalteei aurre egiteko aurreikusi dituen hiru faseetako lehena dela aurreratu zuen Aranak. Bigarrena udazkenean etorriko da beste kanpaina, bonu eta antzerakoekin, eta hirugarrena 2021ko lehen seihilekoan, bestelako neurri batzuekin.
Oinarriak eta deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, eta, ondoren, Zarauzko Udaleko webgunean zintzilikatuko dute informazio guztia.
Terrazek %100eko hobaria
Dirulaguntzak onartu eta jarraian, gaiarekin lotuta, 6. ordenantza fiskalaren aldaketa izan zuten aztegai. Honek ere EAJ, PSE-EE eta EH Bilduren babesarekin egin zuen aurrera; Podemos-Equo Berdeak koalizioa abstenitu egin zen.
Aldundiak hartutako erabaki batzuen ondorioz, ahalbidetzen du %100eko hobaria ezartzea, eta horri esker, uda garaiko tasa –apiriletik urria bitartekoa–ostalariek ez dute ordainduko Zarautzen beladore, terraza eta antzerakoengandik. 120.000 euroko laguntza izango da sektore honetara bideratuko dena.
"Hain justu ere, hau orekatzeko, aurrez onartu ditugun laguntzetan kontuan izango da hobari honetatik jasotzen dutena. Nolabait esateko, beladore edo terrazarik ez duten ostalariak edo merkatariak lehentasuna izango dute dirulaguntzak jasotzeko orduan. Ekitate hori lortu nahian", nabarmendu zuen Aranak.
Bestalde, terrazetako hobariaren antzera, herriko surf eskolek ere 2020ak ez dutela kanona ordainduko jakitera eman zuen zinegotziak.
Mozioak
Zerga bilketatik jasotako kopurua %20-25 jaitsiko dela aurreikusi du aldundiak, eta horregatik Udalak Finantzatzeko Foru Funtsetik Gipuzkoako udalerriek jasoko duten dirua %20 jaisteko erabakia hartu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Horren aurrean, mozioa bat eraman zuen EH Bilduk plenora. Mozioa ez zen aurrera aldera Udal Gobernuko taldeen (EAJ eta PSE-EE) kontrako hamabi botoekin, eta EH Bilduren eta Podemos-Equo Berdeak-en bederatzi aldekoekin.
Bigarren mozioa EAJko udal taldeak aurkeztu zuen, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko udalen arteko elkarrizketa-gune bat sortzeari buruzkoa zen. Hau, ordea, onartu egin zen Udal Gobernuaren babesarekin; oposizioko taldeak aurka egin zuten.