Udako TAO zerbitzua ekainaren 1etik irailaren 30a bitartean egongo da indarrean, 09:00etatik 20:00etara. Udalak datozen egunetan emango du udako eguneko aparkalekuen berri, eta oraingoz jakinarazi du –joan den asteko agerraldian– Kortazar eta Eguzki-Izarreko lurzoruak erabiliko dituztela horretarako. Era berean, aste honetan eman dute jakitera Lapurdi kalea norabide bakarreko bilakatuko dutela, eta bertan ehun aparkaleku gehiago sortuko dituztela.
Maiatzean egoiliar bereizgarriak etxez etxe banatu zaizkie eskuratzeko baldintzak betetzen zituzten zarauztarrei. Orain, udalak iragarri du ekainaren hasieran bereizgarri bakoitzari dagokion zenbatekoa osorik kobratuko duela, eta TAOren zerbitzua etenda egon den denborari dagokion zati proportzionala itzuliko duela datorren urteko ordainketan. "Argi daukagu TAO zerbitzurik gabe egon garen denbora hori ezin dugula kobratu eta ez dugula kobratu behar. Euro gutxi batzuk dira, baina erabiltzaile bakoitzari datorren urteko ordainketan deskontatuko zaio, orain informatikako eta kudeaketako gaiengatik zailagoa izango litzatekeelako”, azaldu du Iker Basurko Mugikortasun zinegotziak.
Aurrerantzean, gainera, garabi-auto baten barruan dagoen Visual car kameraren laguntzarekin egoiliarrentzat gordetako guneak kontrolatuko dituzte, eta eremu horietan baimenik gabe aparkatzen duten ibilgailuak salatu. Era berean, teknologia berriekin jarraituz, udalak gogorarazi du Arinpark App-ak TAOk araututako guneetan aparkatzea errazten duela, "parkimetroak txanponekin edo kreditu-txartelarekin manipulatu behar izan gabe". Hala ere, TAOko agenteek etengabe desinfektatuko dituztela ordainketa-makinak, kutsadurarik egon ez daitezen.