Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak Hondartzen Lurralde Mahaia bildu zuen atzo goizean, telematika bidez. Pandemia egoeran dauden hondartzak erabiltzeko jardunbide egokiak aztertzeko egin zuten bilera. Nabarmendu dutenez, bildutako udal guztiek eta Foru Aldundiak bat egin dute probintziako hondartzak irekitzeko eta zerbitzuak eskaintzeko irizpideetan.
Koronabirusa saihesteko hainbat neurri eta jarraibide zehazten dituen dekalogoa osatu dute, udari begira. Hauek dira nabarmendu daitezkeen puntu batzuk:
- Hondartzetara joan aurretik, herritarrek koronabirusaren sintomarik ez dutela ziur egon behar dute. Sintomak izanez gero, etxean geratzea komeni da.
- Bainu-eremuetan sartu aurretik, erabileraren, sarbidearen eta aforoaren berri izan behar dute erabiltzaileek.
- Hondartzan ohi baino egonaldi laburragoak planifikatu beharko dituzte herritarrek, bi edo hiru ordukoak gehienez, pilaketak saihesteko eta guztiek aukera berdintasunaz goza dezaten.
Ekipamenduak eta zerbitzuak
Hondartza kontaktu bidezko kutsadura-gune potentziala dela azpimarratu dute erakundeetako ordezkariek, eta horregatik, behar beharrezkoak diren ekipamenduak eta zerbitzuak mantentzea adostu dute. Horietan, muturreraino eramango dituzte desinfekzio lanak. Zaborrontziak sarri garbituko dira, adibidez, eta hondartzako zerbitzuek eskaini ohi dituzten hamakak eta toldoak aurten eskuragarri ez jartzea aholkatzen dute.