Aldarriak ere kalera

Amaia Urbieta Arruti 2020ko maiatzaren 25a

Konfinamenduaren arinaldiko fase ezberdinetan kalera atera daiteke, baina arauetan oso jarduera zehatzak azaldu ohi dira: kirola egitera, paseatzera, erosketak egitera... Kalea, ordea, ez da aisialdirako edo lanerako gunea soilik. Garbi daukate hori Zarauzko jubilatu eta pentsiodunen mugimenduko kideek, eta ahal bezain laster ekin diete berriro ere asteleheneroko mobilizazioei.

Tinko eusten diote aldarri nagusiari: borrokan jarraituko dute 1.080 euroko gutxieneko pentsioa lortu arte. Eskaera horri beste hainbat gehitu zaizkio koronabirusak ekarri duen egoeragatik. Zaharretxe publikoak aldarrikatu dituzte, "kalitatezkoak eta doakoak". "Patronal kudeatzaileek onurak baino ez dituzte bilatzen pribatizatutako egoitzetan eta adinekoen arretarako bestelako zerbitzuetan", azaldu dute bozgorailutik.

Amaitzeko, elkartasuna eta babes morala heralazi dizkiete gaixotasunaren ondorioz hildakoen familiei eta gertukoei, kutsatutako herritarrei eta kutsatu horiek behar bezala zaintzeko eta artatzeko ahal duten guztia eman dutenei.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide