Eusko Jaurlaritzak gaur jakinarazitako datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 26 positibo berri hauteman dituzte koronabirusagatik; horietatik 13 kasu Araban izan dira, 12 Bizkaian eta bakarra, berriz, Gipuzkoan. Atzo, asteartea, 6.252 proba egin zituzten guztira: 4.203 PCR test eta 2.049 test azkar.
Datu ofizialen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 19.017 positibo zenbatu dituzte kontaketa hasi zutenetik, eta horietatik %87'8k jaso dute senda-agiria. Azken orduetan, 301 pertsona sendatu dira.
Hildakoei dagokionez, osasun krisia hasi zenetik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan koronabirusagatik hildakoak 1.480 izan dira, atzo baino hamar gehiago. Ospitaleratuta dauden pazienteak, berriz, 41 dira egun; atzo baino lau gutxiago.