Ekainaren 8tik aurrera, Gipuzkoako adinekoen egoitzetako egoiliarrek senitartekoen bisitak jaso ahal izango dituztela aurreikusten du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Erakunde horrek egindako plangintzaren arabera, arinaldiaren hirugarren fasean bisita programatua gauzatu ahal izango dute egoiliarrek eta horien familietako kide banak. Banakako bisita horiek segurtasun neurri handiak hartuta egingo dituzte. Ekainaren 22tik aurrera, berriz, bi senitartekoren bisitak jaso ahal izango dituzte egoiliarrek. Gainera, bi fase horietan egoiliarrek eta senitartekoek egiten dituzten bideo-deiekin segituko dutela azaldu du Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuak.
Arinaldiaren hirugarren fasean egoiliar berrientzat plazak irekiko dituztela ere azaldu du Aldundiak; hain zuzen ere, PCR proban negatibo eman duten adinekoek eta aurrez isolamendua gauzatu dutenek izango dute horretarako aukera. Bestalde, konfinamendua igarotzera etxera itzuli ziren egoiliarrek ere itzultzeko aukera izango dute ekainaren 8tik aurrera. Dena den, fase horretan ez dira baimenduta egongo erabiltzaileen irteerak eta egoiliarrek boluntarioekin egin ohi dituzten jarduerak.
Joan zen martxoaren 13az geroztik bisitarik ez dute izan Gipuzkoako egoitzetan bizi diren adinekoek; izan ere, koronabirusaren eraginez, adinekoena kolektibo zaurgarrienetakoa izanik, hainbat neurri hartu behar izan zituzten egoitzetan. Gainera, egoitza batzuk gogor kolpatu ditu koronabirusak, Zarauzko Santa Ana eta Zumaiako Otezuri kasu, baina gaur-gaurkoz ez dago koronabirus kasurik Urola Kostako egoitzetan.
Eguneko zentroak ere bai
Eguneko zentroak ere itxita daude martxoaren erdi aldetik. Aldundiak adierazi duenez, baina, zentroak hasi dira dagoeneko kontingentzia planak prestatzen eta etxez etxeko zerbitzuak eskaintzen. Bigarren fasean, berriz, zentroak egokitzen hasiko dira, eta erakundearen arabera, hirugarren fasean, hau da, ekainaren 8tik aurrera, hasiko dira horiek “pixkanaka” zabaltzen. Irekitzerakoan egoitzetan kokatuta ez dauden zentroei emango diete lehentasuna.
Peña diputatuak azaldu duenez, Aldundiak gauzatu duen planaren helburu nagusia prebentzioa da, eta azaldu du egoera juridikoaren nahiz epidemiologikoaren arabera aldatu egin daitekeela.