«Gertu izan arte ez dakizu zer den koronabirusa»

Paulo Ostolaza / Berria 2020ko maiatzaren 17a

Jesus Mari Gabilondo zarauztarrak 40 egun pasa ditu Donostiako Ospitalean, koronabirusarekin gaixotu ondoren. Haren eta bere alaba Nahikari Gabilondoren testigantza jaso du Berriak, eta bideo elkarrizketa ere egin die Paulo Ostolaza kazetariak.

"Emazteak eta biok ez dugu inoiz txertorik hartzen gripeagatik, baina aipatu genuen gure artean: hau gripe bat baldin bada, txertoa hartzen hasi beharko dugu. Lehenik, bera gaixotu zen, eta, ondoren, ni; nekatuta sentitzen nintzen, eta, handik gutxira, sukarra nuela jabetu nintzen. Badaezpada, medikuarenera deitu genuen. Azkenean, anbulantzia bat etorri zen etxera; Donostiara eraman ninduten, eta hortik aurrerako ezertaz ez naiz gogoratzen: lokartu egin ninduten». Martxoko egun bat zen, Zarautzen (Gipuzkoa); orduan hasi zen Jesus Mari Gabilondoren 40 eguneko egonaldia Donostiako Ospitalean, horietatik 25 ZIU zaintza intentsiboetako unitatean.

Jesus Mari Gabilondok 69 urte ditu, eta haren alaba Nahikari Gabilondok, 42. Azken bi hilabeteetan pasatutakoaz hitz egin dute BERRIArekin, Internetez. Igaroak dira egun batzuk Jesus Mari etxera itzuli zenetik, baina oraindik horrela edo balkoitik kalera hitz eginez soilik aritu da seme-alabekin eta bilobekin: «Gustura emango nieke besarkada bat bilobei, baina iruditzen zait oraindik ez diedala eman behar». Orain, herritarrek koronabirusari beldurra galdu izanak kezkatzen du, «ez baita txantxetako kontua».

Jarraitu irakurtzen Berria.eus-en

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide