Zarauzko Udaleko aurrez aurreko herritarren arreta zerbitzua eskaintzen hasiko da berriro asteartetik aurrera, eta hori erabiltzeko aldez aurretik hitzordua eskatu behar dela jakinarazi dute. Horretarako, 943-83 09 90 telefono zenbakira hots egin behar da, astelehenetik ostiralera, 08:30etik 14:30era.
COVID-19arengandik babesteko hainbat neurri hartu dituzte herritarren arreta zerbitzuan. Alde batetik, kristalezko manparak jarri dituzte, udal-langileak eta herritarrak babesteko, eta eskuak garbitzeko hidrogelak ere jarriko dituzte erabiltzaileen eskura. Bestetik, herritarrak banaka sartuko dira bulegora, eta hitzordua duenak kanpoan itxaron beharko du, barruan dagoena atera arte. Horrez gain, etxetik maskarak eta boligrafoak eramatea ere gomendatu du udalak. Hitzordu bakoitzaren ondoren, aulkiak eta mahaiak desinfektatuko dituzte.
Aurrez aurreko herritarren arreta zerbitzua irekiko badute ere, Udalak zarauztarrei eskatu die ahal den heinean euskarri telematikoak erabiltzen jarraitzeko, kutsatzeko arriskua saiheste aldera.