Zein da zuen kontzertu egutegia?
Otsailaren 22an eman genuen azken kontzertua, inauterien harira, Zarautzen. Apirilean eta maiatzean, bakoitzean hiruzpalau kontzertu gelditu zaizkigu bertan behera. Ekaina hasierako kontzertuak ere ez ditugu joko, baina bukaera aldekoak oraindik zintzilik daude. Bestalde, uztailean, adibidez, hutsune handia dugu, antolatzaileek ez dakitelako zer egin festekin.
Abuztuko festetako kontzertuak, berriz, lotuta mantentzen dira, eta festa batzorde askok atzeratu egin dituzte jaiak irail edo abuztu bukaerara, ordurako ekintza kulturalak ospatzeko aukera egongo dela pentsatuta, eta herriko jaiak mantentzeko asmoarekin.
Kontzertuak lotzen jarraitzen al duzue orain?
Egia esan geldialdia somatu dugu deietan. Jaso ditugun deiak kontzertuak atzeratu edo bertan behera uzteko izan dira, baina ez dugu deirik jaso data berriak lotzeko.
Erromeriak badu tartea “normaltasun berrian”?
Gure estilo mota eta orain arte egin ditugun kontzertuak parranda giroarekin eta jende pilaketekin lotuta daude. Gure musika parrandara lotuta dago. Beraz, kontzertuak eserita eta distantziak mantenduta egitea nahikoa zaila litzateke. Jai batzorde batzuk ari dira aurrera jarraitzen 400
pertsona baino gutxiagoko ekitaldi kulturalak aurrera eramaten eta moldatzen, baina zail samarra izan daiteke gure estilorako. Egia da publiko murritzarekin askotan jo izan dugula herri txikietan, baina giro desberdina da. Azken finean, dantzan kontaktu asko dago. Beraz, egoera zaila da.
Uste duzu beste estilo batzuk lehentasuna izan dezaketela?
Agian bai, beste joera bat sortu daiteke. Kasu horretan, joera horretara moldatu beharko genuke. Fase berri honetan ere neurri zorrotzak jarri dituzte tabernetan, baina errealitatea ez da guztiz horrelakoa. Beraz, kultura ekitaldietan ere ez dakit zenbateraino beteko diren neurriak. Lehen,
adibidez, debekatuta zegoen dantza lotua egitea, eta erromeria ederrak egiten ziren hala ere. Agian horretara itzuliko beharko gara.
Nola entseatzen duzue?
Normalean oso gutxi entseatzen dugu. Urte hasieran proposamen berriak landu eta pare bat entsegurekin kontzertuak ematen hasten gara. Konfinamendua hasi zenetik ez dugu online entsegurik egin, pare bat bideo dei egin ditugu proposamen batzuez hitz egiteko, baina norberak bere kasa landu ditugu ondoren.
Nola zaudete animikoki?
Batzuek galdutzat ematen dute aurtengo denboraldia, eta oso ezkor eta gogorik gabe daude. Beste batzuk berriz baikorrago gaude eta aurtengo uda udazken bihurtu daitekeenaren esperantza dugu, baina ez da erraza. Hain da ezjakintasunez betea aldakorra egoera. Plazetara itzultzea espero dut abuztu bukaerarako, esperantza hori daukat. Egoera hobetzea espero dut, akaso moldaketak egin beharko ditugun arren. Aste honetan, adibidez, trikiti saio baterako proposamena jaso dut, formatua aldatuta, egoera berriko neurriak bermatzeko. Antolatzaileak aukera berriak aztertzen ari dira.