Hondartzen irekiera aztertu dute kostako udalek aldundian

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko maiatzaren 15a

Zarauzko, Getariako, Orioko, eta Zumaiako udalek bilera eduki zuten atzo aldundian hondartzak noiz eta zein baldintzekin zabaldu aztertzeko. Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak ETBri adierazi dionez, "hondartzen irekiera ekainaren 15a eta uztailaren 1a bitartean egitea da proposamena". 

COVID-19aren hedapena saihesteko, Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak eremu komunetan edo jende asko biltzen direnetan nahitaez bete beharreko prebentzio neurriak ezarri dituzte. Eremu horien artean daude hondartzak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailak Hondartzen Lurralde Mahaia bildu zuen atzo goizean, arinaldian Gipuzkoako hondartzak irekitzeko baldintzak aztertzeko. Bilera horretan aldundiko Ingurumen Departamentuak gomendio eta proposamen batzuk egin zizkien udalei, eta udal ordezkariekin adostu beharreko hainbat gai jarri zituzten mahai-gainean; besteak beste, hondartzak irekitzeko egin beharko liratekeen jarduerak, bainatzeko eremua ireki aurreko prozedurak eta horiek ireki ondoren ezarri beharreko prebentzio neurriak. Datei buruzko erabaki irmorik hartu ez bada ere, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak ETBri adierazi dionez, “hondartzen irekiera ekainaren 15a eta uztailaren 1a bitartean egitea da proposamena”. 

Ingurumen Saileko arduradunez gain, Zarauzko, Orioko, Getariko, Zumaiko, Debako, Mutrikuko eta Hondarribiko alkateek eta Donostiako Gune Publikoetako zinegotziak parte hartu zuten bileran.

Aldundiak azaldu duenez, atzoko bileran erabaki zuten Gipuzkoako hondartzak gainerako lurraldeetakoekin batera irekitzea. Gainera, Ingurumen Departamentuak laguntza teknikoa eskaini die Gipuzkoako kostaldeko udalerri guztiei hondartza bakoitzaren azterketa pertsonalizatua egiteko. Horrez gain, osasun txostenak eta hondartza erabiltzeko gomendioak ere eman dizkie, urruntze sozialeko arauak ere hondartzetan bete ahal izateko. 

Uraren bitartez kutsatzeaz
CSIC Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiak hondartzetan eta igerilekuetan COVID-19a kutsatzeari buruz argitaratutako txostenaren arabera, oso gutxitan gertatzen da kutsatzea urarekin kontaktua izateagatik. Beraz, azaldu dute hondartzetan eta igerilekuetan koronabirusaz kutsatzeko bide nagusia eztula eta doministikua edo pertsonen arteko kontaktua direla.

Horregatik, Gipuzkoako hondartzetako arduradunen iritziz, hondartzak irekitzeko erronkarik garrantzitsuena urruntze sozialeko neurriak errespetatzea izango da eta, horretarako, herritarren artean kontzientzia kolektiboa indartu behar da. Gainera, bileran adierazi zuten, eremu komunak egunero garbitu eta desinfektatzea ere funtsezkoa izango dela birusa hedatu ez dadin.

HITZAk atzoko bileraren balorazioa eskatu die kostako herrietako alkateei. Zarauzko alkate Xabier Txurrukak ez du adierazpenik egin nahi izan, “araudi zehatzak argitaratu eta dagozkion erabakiak hartu bitartean”.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide