LGTBI+ fobia ikusarazteko liburu eta filmen gida kaleratu du udalak

Zarauzko Hitza 2020ko maiatzaren 12a

Igandean izango da Homofobia, Lesbofobia, Transfobia eta Bifobiaren aurkako Nazioarteko Eguna, eta astean zehar ikastetxeetan eta udaletxeko balkoian ortzadar koloreko pankarta jarriko dute, Naizena, naizela, onartua leloarekin.

Homofobia, Lesbofobia, Transfobia eta Bifobiaren aurkako Nazioarteko Eguna izango da datorren igandea, maiatzaren 17a, eta, horren harira, Zarauzko Udalak liburu eta ikus-entzunezkoen gida bat argitaratu du. Gida honekin ikusarazi nahi dute helduentzako eta gazteentzako literatura liburuen, saiakeren eta filmeen bidez, lesbiana, homosexual, bisexual eta transexualek jasaten duten diskriminazioa.

Liburu eta film horiek guztiak Udal Liburutegian eta Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean egongo dira eskuragarri. Gehienak online irakur daitezke honako esteka honetan sartuta: www.eliburutegia.euskadi.eus.

Egindako gida ikastetxeetara ere bidaliko da, familiei helarazteko helburuarekin. Hezkidetza Foroak antolatuta, gainera, ikastetxeetan eta udaletxeko balkoian ortzadar koloreko pankarta jarriko dute aste osoan, Naizena, naizela, onartua leloarekin.

Sexu identitatearen errespetua

Hezkidetza Foroa eratu zenetik, urtero bezala, Urola Kostako udalek eta ikastetxeek sentsibilizazio-jarduerak egiten dituzte pertsona bakoitzaren sexu askatasunean eta sexu identitatearen errespetuan aurrera egiteko.

Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotziaren esanetan: "Bide horretan urratsak ematen ari gara, aukera sexualak ikusarazteko eta aniztasun hori normalizatzeko gizartean. Atzean geratu behar dira sexu-identitate desberdinak ukatu eta diskriminatu nahi dituzten jokabide intoleranteak eta atzerakoiak. Pertsona bakoitza den bezala onartzea defendatzen dugu ".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide