Astiko baratze solidarioa kaltetu dute

Amaia Urbieta Arruti 2020ko maiatzaren 12a

Norbaitek "gaiztakeriaz" egindako ekintza izan dela uste dute boluntarioek. Uztan ez du eraginik izan.

Boluntarioek salatu dutenez, iaz jarri zuten negutegi berriari zazpi ebaki egin dizkiote, itxuraz, labanaz, eta bota pare bat eta lau kubo eraman dituzte baratze solidariotik. Udalaren lurretan dago baratzea, eta bertan lanean aritzen diren bolutarioek Caritasi ematen diote uzta, behar gehien dutenen artean banatzeko. Bertan lanean aritzen den Iñaki Oñatibiaren arabera, larunbat gauean eragin zituen kalteak batenbatek, eta boluntarioek salaketa jarri dute. "Harrigarria da batenbatek halako txakurkeria egitea, beharra duen jendearentzat ari gara lanean eta", azaldu du.

Negutegia itsasgarriren batekin konponduko dute eta uzta ez zaie hondatu, baina asteburukoa "gaiztakeriaz" egindako ekintza dela uste du Oñatibiak. "Norbait haserre dago udalarekin, Caritasekin edo gurekin. Ez da gazte batzuek egindako txantxa".

Konfinamenduaren hasieratik dihardute lanean boluntarioek, lantzen duten baratzea "interes sozialekoa" delako. Oñatibiaren arabera, itxialdia hasi zenean salaketa bat jaso zuten lanean jarraitzen zutelako eta udaltzainen bisita izan zuten, baina baimenak zituztenez ez zuten bestelako arazorik eduki.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide