Greba mugagabera deitu du Ikasle Sindikatuak

Zarauzko hitza 2020ko mai. 11a, 16:51

Hezkuntza Sailak aurreikusten duenez, astelehenean hasiko dira ikasleak ikasgeletara itzultzen. Ikasle Sindikatuak uste du ezin direla ikasleen eta langileen osasuna bermatu, eta beraz, grebarako deialdia egin du. Hainbat eskaera egin dizkio Eusko Jaurlaritzari.

Datorren astelehenetik aurrera ikasleak ikasgeletara itzultzea aurreikusten du Hezkuntza Sailak, eta horren aurrean, greba mugagabera deitu du Ikasle Sindikatuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxeetan. Sindikatuak “arduragabekeria” deritzo hilaren 18an eskoletara itzultzeari. Langileen, ikasleen eta gurasoen sindikatu eta erakunde guztiei dei egin diete astelehenetik aurrera ikastetxe guztiak itxita manten ditzaten. Helburua zehatza da: “Eusko Jaurlaritzari exijitzea gure aldarrikapenak bete ditzala”.

Ikastetxeetara itzultzeko aurreikusi dituzten neurriak “lotsagarriak” direla eta “hezkuntza publikoa pairatzen ari den hondamen egoeran” ezin direla bete dio sindikatuak. “Nola bermatuko dituzte distantziak erabat masifikaturik dauden ikasgeletan, eskola publikoetako espazio txikietan eta instalazio prekarioetan? Bermatuko al dute ikastetxe guztiak desinfektatzea eta guztiontzat testak eta maskarak izatea? Nola antolatuko dute garraio publikoa erabat gainezka joaten diren autobusetan?”, galdetu dute.

Sindikatuak uste du ezin dela ikasleen eta hezkuntzako langileen osasuna bermatu, eta horregatik, ikasturtea amaitutzat ematea eta ikasketa planak berrantolatzea eskatzen du. Ikasle guztiek ikasturtean mailaz igotzea eta hirugarren ebaluazioko azterketak eta selektibitatea bertan behera uztea ere galdegin du, besteak beste. “Unibertsitatera sartzeko gutxieneko notak kentzea proposatzen dugu, eta ikasi nahi ditugun graduetan behar adina plaza bermatzea guztiontzat”.

Irabazi ekonomikoa, “guztiaren gainetik”

Unibertsitateetako ikasketei dagokienez, ikasle guztiek mailaz igo behar dutela uste du sindikatuak. Gainera, Lanbide Heziketako ikasleek praktikak udako hilabeteetan edo irailean osorik egitea eskatu du, eta goi mailako ikasketetan sartzeko titulua behar duten ikasleek azken ebaluazioko irakasgaiak eta praktikak proiektuekin edo ziklo amaierako lanen bidez balioztatu ahal izatea.

EAJren eredua ere salatu du Ikasle Sindikatuak: “Irabazi ekonomikoa guztiaren gainetik jartzen dute eta gure osasunak eta hezkuntzak ez du ezer balio eurentzat. EAJrentzat funtsezko irizpidea inoiz ez da izan osasuna, ezta hezkuntza ere. Gauza bakarrak arduratzen ditu: beren lagun enpresariek dirua irabazten jarraitzeak”.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide